AMVISA (GASTEIZKO UDALAREN URAK)

Aste honetan ez dago arretarik, langile guztiek grebarekin bat egin dutelako

2024/07/01
Uztailaren 1etik eta 5era bitartean AMVISAn ez da ez arreta presentzialik ez telefono bidezko arretarik egongo. Langileek plantilla gehiago, lanaldi osoak eta lanpostuen egonkortasuna aldarrikatzen dituzte. Langileen %100ak bat egin du greba deialdiarekin.

AMVISAko herritarrentzako arreta azpikontratatuta dago duela urte askotatik. Gaur egun 7 langile daude plantillan, horietatik 6 emakumeak. Bezeroarentzako lehen arreta, kobrantzak, online tramiteak, erabiltzaile berrien alta-bajak, kontratuen edo kobrantzen jarraipenak egiten dituzte, besteak beste.

Langile horiek lanaldi partzialekin lan egiten dute, Bizkaiko bulegoetako hitzarmena aplikatzen zaie, 2011tik berritu gabe dagoena, lan-karga handiarekin eta milaka erabiltzaileri behar bezalako arreta emateko langile faltarekin.

Lan karga horrek eta langilerik ez izateak atzerapenak dakartza bezeroarentzako arretan, 30 minutu baino gehiagoko itxaronaldiekin, eta administrazio lan asko geratzen dira egiteko, eta horrek erabiltzaileei eta Gasteizko herritarrei eskaini behar zaien zerbitzu publikoari eragiten die.

Horrez gain, subrogazio eskubiderik ez dutenez, eta AMVISAk zerbitzu hori lehiaketara ateratzen badu, langileak lanpostuak galtzeko arriskuan daude, zerbitzuan egonkortasunik eta jarraitutasunik izan gabe. Aurten, abenduaren 31n lanpostuak galtzeko arrisku handia dute, zerbitzuak lehiaketara atera behar baitu.

Horren guztiaren aurrean, azpikontratatutako enpresak eta AMVISAk ez dute konponbiderik jarri langileek egoera aldatzeko aldarrikapenak mahai gainean jarri dituztenean.

ELAren ustez, onartezina da Gasteizko Udala bezalako erakunde batek neurriak ez jartzea lanaldi partzialekin, hilean 1.100 euro pasatxoko soldatarekin eta enpleguan egonkortasunik gabe lan egiteak dakarren lan prekarietatearekin amaitzeko.

Arduradun politikoei asko entzuten diegu langileen lan baldintzak eta herritarrentzako zerbitzu publikoak kalitatezkoak izan behar dutela. Hemen aukera bat du Gasteizko udalak. Eseri dadila langileekin egoera honi neurriak jartzeko.