AMVISA (Gasteizko Udalaren Urak)
Astebeteko greba jendaurreko arretan

AMVISA Gasteizko Udal Urak kudeatzen dituen enpresa da, eta herritarrei arreta eskaintzen zazpi lagun dituzte azpikontratatuta, horietatik sei emakumeak. Zehazki, bezeroarentzako lehen arreta, kobrantzak, online tramiteak, erabiltzaile berrien alta-bajak, kontratuen eta kobrantzen jarraipenak... egiten dituzte.
Gehienek lanaldi partzialak dituzte, eta Bizkaiko bulegoetako hitzarmena aplikatzen zaie, 2011tik berritu gabe dagoena, lan karga handiekin eta milaka erabiltzaileri behar bezalako arreta emateko langile faltarekin.
Ondorioz, bezeroen arreta asko atzeratzen da, 30 minutu baino gehiagoko itxaronaldiekin, eta administrazio lan asko geratzen dira egiteko; horrek erabiltzaileei eta Gasteizko herritarrei eskaini behar zaien zerbitzu publikoari eragiten die.
Horrez gain, ez dute subrogazio eskubiderik eta AMVISAk zerbitzu hori lehiaketara ateratzen badu, lanpostuak galtzeko arriskua dute langileek, zerbitzuan egonkortasunik eta jarraitutasunik ez dutelako. Aurten, abenduaren atera behar da zerbitzua lehiaketara, eta lanpostuak jokoan izango dituzte.
Horren guztiaren aurrean, azpikontratatutako enpresak eta AMVISAk ez dute konponbiderik jarri langileen eskaerei erantzuteko. ELAren ustez, onartezina da Gasteizko Udala bezalako erakunde batek neurriak ez jartzea lanaldi partzialekin, hilean 1.100 euro pasatxoko soldatarekin eta enpleguan egonkortasunik gabe lan egiteak dakarren prekarietatearekin amaitzeko. Gasteizeko Udalak aukera du hainbeste aldarrikatzen dituen lan baldintzak eta zerbitzu publikoak defendatzeko.
Halako jarrerarik erakutsi ezean, baina, langileek greba egingo dute datorren astean, uztailaren lehenetik bostera.