Lan heriotzak eta Reydesako istripuak salatzeko kontzentrazioak Araban

2022/12/14
Iruraiz-Gaunako etxebizitza bateko obran lanean zegoela zendu zen 56 urteko igeltseroa abenduaren 7an. Lan heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin du gehiengo sindikalak. Bestetik, Legution elkartu dira hainbat langile aurreko hilean izandako lan isptripu larria salatzeko. Jada 71 langile hil dira lanean.

Construcciones Tavarrentzat egiten zuen lan hildako igeltseroak eta Iruraiz-Gaunako obra batean ari zen jardunean. Lanean zegoela hasi zen ondoezik sentitzen, larrialdi zerbitzuak bertaratu eta minutu gutxira hil zen. Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasuna eta babesa helarazi nahi die ELAk.

Aurten, lanean, 71 pertsona zendu dira Hego Euskal Herrian. Horietatik 16 eraikuntza sektorekoak izan dira. Langile horien baldintzak onargabeak dira —ezbehar tasa ikusi besterik ez dago— eta horri ohikogoak bilakatzen ari diren arazo kardiobaskularrak gehitzen badizkiogu, egoeraren larritasuna ezin ezkutatu modukoa da. Administrazioak, baina, beste alde batera begiratzen du.

Egoeraren larritasuna ikusita, Jaurlaritzari eta Patronalari eskatzen die ELAk prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol neurriak ezarri ditzala, bai eta langileen osasun kardiobaskularra zaintzea ere. Langileen osasuna ardatz izango lituzketen neurriak hartuko balira, urtean 50 lan heriotza baino gehiago saihestuko lirateke.

Istripu larria Reydesan

Azaroaren 1ean, gaueko txandan lanean zeudela, trakzio-pala batek jo zituen Reydesa enpresako bi langile. Istripua nola gertatu zen oraindik argitzeke dagoen arren, langileek salatu dute segurtasun eskasa dutela eta abiadura handiegian egiten dutela lan. Enpresak mozkinak jarri ditu langileen ongizatearen aurretik, eta hori arbuiatzeko elkarretaratzea egin dute gaur langileek, ELAk deituta.