BM Araba
Azpikontratatutako garbitzaileek hiru hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe

Arabako BMko supermerkatuak garbitzeko azpikontratatutako langileek hiru hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe. Horixe salatu dute San Prudentzio kaleko supermerkatuaren aurrean egindako elkarretaratzean, Gasteizen. Arabako DAI-96 garbikuntza azpikontratako langile guztiak emakumeak dira, eta guztiek dituzte lanaldi partzialak. Azken hilabeteak ez kobratzeaz gain, 2022ko soldata batzuk ere zor dizkie enpresak. Soldata taulak ere ez zaizkie eguneratu, eta egoera horren ondorioz, zenbait langilek lana utzi behar izan dute, ezin dutelako jarraitu eguneroko gastuei aurre egin gabe. Baja horien aurrean, enpresak langileei esaten die joan daitezela BMko beste denda batzuetara garbitzera, hutsune horiek betetzeko, beti ere, kobratu gabe. Egin ezean, mehatxatu egiten dituzte. ELAk azpimarratu du erantzukizuna ez dela azpikontratarena bakarrik, baita BMrena ere. "Kateak aspaldi daki zer gertatzen ari den, baina zerbitzua ordaintzen jarraitzen du. Langileak euren kabuz ari dira garbitzen, ezinezkoa delako baldintza horietan lan egitea", salatu du ELAk.
Arazoak duela hilabete batzuk hasi ziren, azpikontrata ordainketak atzeratzen hasi zenean. Lan Ikuskaritzan hainbat salaketa jarri ondoren, enpresa zigortu zuten.
2023ko urtarrilean, ordainketen larritasuna ikusita, ELA BMrekin harremanetan jarri zen egoeraren berri emateko. BMk erantzun zuen gaiaz arduratuko zela, eta zirkular bat igorri zen garbikuntza azpikontrata aldatuko zela jakinarazteko. Dagoeneko sei hilabete baino gehiago igaro dira, eta egoerak okerrera egin du.
Horregatik guztiagatik, Arabako garbitzaileek mobilizatzea erabaki dute.