Aztertzen enpresak 20.000 euro inguru ordaindu beharko dizkie Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko ELAko 10 afiliaturi

2022/06/08
Justiziak arrazoia eman dio ELAri, eta Aztertzen Servicios Asistenciales enpresa kondenatu du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko ELAko 10 afiliaturi 20.000 euro ordaintzera, pandemia betean, enpresak zerbitzua bere kasa etetea erabaki zuenean langileei ordaindu ez zien diruagatik. Enpresak zerbitzua eten arren, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak -azpikontratatutako zerbitzu horren titularrak- zenbateko horiek ordaindu zizkioten enpresari; Aztertzenek, ordea, ez zien ezer ordaindu langileei.

Sindikatuak jarritako demandari esker, Gasteizko Lan Arloko 3 zenbakiko epaitegiak berretsi du enpresak bere kabuz erabaki zuela zerbitzua etetea, langileekin ezer adostu gabe. Sententziak jaso duen bezala, `kontratu publiko bat erabat eteten denean, erakunde esleipendunak kontratistari ordaindu beharko dizkio hornidura-aldian jasandako kalte-galerak´ (8/2020 Errege Lege Dekretuaren 34.1 artikulua).

ELAk positiboki baloratu du epai hori pizgarria delako kolektibo feminizatu eta prekarizatu horrentzat. Ildo beretik, txalotu du pandemiaren aitzakian enpresak egindako botere-abusuei muga jarri izana.