Berriz eten dute Gasteizko Heraclio Fournier karta fabrikako produkzioa

Gasteizko Heraclio Fournier karta fabrikako hirugarren lanuzteak berriro gelditu du lantegia ELAk baieztatu du jarraipena %90etik gorakoa izan dela eta iragarri du lanuzteekin jarraituko dutela. Oraingo honetan, lanuztearekin batera, elkarretaratzea egin da Gasteizko erdigunean, Correosen eraikinaren aurrean, gatazka gizarteratzeko asmoz. ELAk salatu du enpresak jarraitzen duela langileak beldurtu nahian, grebalariak legez kanpo ordezkatzen dituen bitartean. Heraclio Fournierrek ez ditu aintzat hartu nahi langileek aldarrikatzen dituzten soldata igoerak eta hobekuntza sozialak. Gauzak horrela, larunbatean, urriaren 22an, Gasteizko karten museotik abiatuko den manifestazioa deitu dute.
ELAk salatu du langileak gero eta pobreagoak direla, 150 urte luzetan galera ekonomikorik izan ez duen enpresa batean. Irabaziak izan arren, 2013tik langileek oinarrizko soldataren %3ko igoera baino ez dute izan. Gainerako igoerak ez dira inoiz finkagarriak izan eta bere kontrolpetik kanpo dauden beste aldagai ekonomiko batzuen menpe egon dira. Hori guztia, KPI inoiz baino handiagoa denean -6,5, 2021ean-, eta Araban ez ezik, mundu mailan erreferentea den enpresa batean.