Bigarren mobilizazio eguna Arabako Esku-hartze Sozialean

2021/10/27
ELAk, CCOOk, LABek, ESK-k eta UGTk erakunde publikoei eskatu diete Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenean planteatutako hobekuntzak finantzatzeko, eta, aldi berean, Aisa patronalari eskatu diote egungo egoera desblokeatzeko konpromisoa har dezala, sindikatuek planteatutako baldintzak lehenbailehen adostuz. Hala adierazi dute sindikatuek Gasteizko Probintzia Plazan egindako elkarretaratzean, patronalaren mugimendurik egon ez dela gogorarazteko. Izan ere, hamar hilabete baino gehiagotan Aisak ez du sindikatuen planteamenduetara hurbiltzeko proposamen formalik aurkeztu. Gauzak horrela, ELAk, CCOOk, LABek, ESK-k eta UGTk adierazi dute pandemian funtsezkotzat jo den zerbitzu publiko horretan mobilizazioekin jarraituko dutela hobekuntzak aurreikusten dituen hitzarmen bat lortu arte.

2020ko abenduaren 10ean eratu zen Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazio-mahaia. Une horretatik aurrera, 9 negoziazio-bilera egin dira, eta horietan ez da ia aurrerapenik izan. Sektoreko patronalak, Aisak, dio oztoporik handiena dela erakundeek ez dituztela finantzatu nahi hitzarmenean planteatutako hobekuntzak. ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek deitoratu egin dute erakunde publikoen zai egotea inongo urratsik egin gabe.

Sindikatuek berretsi dutenez, patronalak ez du sindikatuen planteamenduetara hurbiltzen den proposamen formalik aurkeztu hamar hilabetetan. Horren erakusgarri da patronalak soldaten % 4ko igoera planteatzen duela 3 urtean, urte arteko KPIa 2021eko irailean % 4an kokatzen denean. Sindikatuek deitoratu dutenez, ez da planteatu erosteko ahalmena bermatzea. Horregatik, soldatak % 6,5 eguneratzea eskatu dute, 2021-2023 Hitzarmena indarrean egongo den aldirako KPIaren bermearekin eta urteko 8 orduko lanaldi-murrizketarekin. Aldi baterako ezintasunaren osagarrian, lizentzia eta baimenetan, familia-, gizarte- eta lan-bizitza bateratzeko eskubideetan eta plusen arteko bateraezintasun batzuk eta txanda-kontratua eskuratzeko eskubidea ezabatzea ere proposatu dute. Hala ere, patronalak errefusatu egin ditu aldarrikapen horiek, eta, beraz, aurrerapausorik eman ez denez, negoziazio-mahaia blokeatu egin da.

ELAk, CCOOk, LABek, ESK-k eta UGTk azpimarratu dute erakunde publikoek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatu behar dutela eta, besteak beste, lan-baldintzak hobetzea bermatu behar dutela esku-hartze soziala bezalako sektore feminizatuetan.

Gauzak horrela, konpromiso politiko falta leporatu diote Ramiro González Arabako ahaldun nagusiari, batez ere, Arabako historiako aurrekonturik altuenak aurkeztuko dituela esan eta gero.