ARABAKO SUHILTZAILEAK

Arkautek antolatutako LEPak kaleratzeak eragingo dituela salatu dute Gasteizen egindako bizikleta martxa batean

2023/04/26
Arabako suhiltzaileek salatu dute ez dutela hitzarmen propiorik orain dela sei urte eta Arkautek antolatutako LEPak kaleratzeak eragingo dituela. Gasteizen egin duten bizikleta martxa batean azaldu dute langileak ezegonkortasun egoera batean daudela. Gauzak horrela, mobilizazioekin jarraituko dutela ziurtatu dute. Azaldu dute ez dutela hitzarmen propiorik, zuzendaritzak ez duelako borondaterik eta negoziazioa oztopatzen duelako. “Hitzartutako baldintzarik gabe, zuzenean aginduak eman ditzakete, lanaldiak luzatu eta lanaldi osagarrietan ordutegiak ezarri. Ezinbestekoa da hitzarmen propioa izatea, are gehiago oinarrizko zerbitzu hori eskaintzen duen administrazio batean”, kexu dira.

Gogorarazi dute bazegoela hitzartuta hirugarren LEP propio bat egitea, baina zuzendaritzak ez zuela adostutakoa errespetatu. Gipuzkoako Aldundiarekin batera egingo den hautaketa prozesua Arkauteren esku uztea deitoratu dute. Prozesuan irregulartasunak daudela salatu dute, eta ohartarazi dute egungo behin-behineko langileen %65 baino gehiago kaleratuko dituztela. Era berean, azpimarratu dute behin-behineko kontratuak direla nagusi zerbitzu guztietan. Langileek egonkortasuna eskatzen dute, baita egungo beharginentzako soluzioak eta LEP propioak.