Martxoak 3

Denontzat justuagoa izango den etorkizuna aldarrikatuko dute Gasteizko sarraskiaren urteurrenean

2024/02/26
ELAk, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek, Martxoaren 3ko elkartearekin batera, 1976an Gasteizen deitutako greba orokorrean Poliziak hildako langileak omentzeko ekitaldia antolatu dute, iganderako, martxoaren 3rako. `Atzo eta gaur borrokan, hacia un futuro justo (etorkizun justu baterantz)' lelopean, borroka defendatzen dute, “orduko borroka eta oraingoa, eta pertsona guztientzako etorkizun justua".

Ohar bateratua:

Atzo eta gaur borrokan, hacia un futuro justo

Aurten ere, Martxoaren 3ko mobilizaziorako deia egiten dizuegu. Ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurkako memoria bizi horren parte gara. Gure hirian egindako borroka hari eta Poliziak erahildakoei omenaldia egin nahi diegu: berton hildako Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo García, Bienvenido Pereda Morali; eta Basauriko eta Tarragonako elkartasun mobilizazioetan erahildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Antón Ferrerori. Memoria horrekin bat egiten ari dira erakundeak, behingoz Memoria Gune bat sortuz, sarraski haren biktimen Justizia, Egia eta Errekonozimendua lortzen lagundu behar duena.

Aurtengo leloa da`Atzo eta gaur borrokan, hacia un futuro justo (etorkizun justu baterantz)´

 

Borroka aldarrikatzen dugu, ordukoa eta oraingoa, eta etorkizun justu bat pertsona guztientzat.

1976an, milaka pertsonak parte hartu zuten borroka batean, etorkizun justua ziurtatuko zien orainaldi duin bat aldarrikatuz. Soldatetan eta lan-baldintzetan hobekuntzak eskatzen zituzten, beren bizitza duinak eraikitzeko. Bizitzak erdigunean kokatu zituzten ere, enpleguaren esparruan, baina baita beste eremu batzuetan ere, hala nola zaintzan, emakumeen funtsezkoa konpromisoarekin, borrokan parte hartzeko eta aldi berean une haietan bizitza posible egiteko.

Borroka hura gogor zapaldu eta estali zuen iruzurrezko trantsizio batek, egia, justizia eta biktimentzako erreparazioa ukatuz eta langileriaren esplotazioa bermatzen zuen sistema politiko, sozial eta ekonomiko bati eutsiz.

Eta hauts haietatik, lokatz hauek. Gaur egun garai nahasiak bizi ditugu, xenofobiaren gorakadarekin, eskuin muturraren hazkundearekin, gerren areagotzearekin, herri palestinarraren genozidioarekin edo kapitalismoaren garapenarekin, batzuetan berde baina edonola ere basati mozorrotua, bizitza eta planeta suntsitzen baititu. Bizitzaren garestitzea biderkatu egiten da, jendearen pobretze-prozesuak jarraitzen du, zaintza-sisteman krisi nabaria dago,...

Horregatik, premiazko trantsizio ekosoziala behar dugu, etorkizun justura eramango gaituena. Horretan ari gara lanean eta borrokatzen hemen gauden sindikatuok, gizarte mugimenduekin batera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik.

Aldarrikatzen dugu:

- Pertsona guztientzako planeta bizia eta bizigarria
- Bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema sozioekonomikoa
- Aberastasuna banatzea eta enpleguak duintzea.
- Esparru estrategikoetan erabakiak garatzea, kontrol demokratikoaz eta erantzukizun kolektiboaz.
- Inolako diskriminaziorik gabeko jendartea
- Trantsizio demokratikoa, gehiengo sozial eta langileen protagonismoarekin
- Desmilitarizazioa, bakea eta subiranotasuna, gatazkara eta gerrara garamatzan mundu honetan.

Puntu honetan ezin dugu ahaztu herri palestinarra bizitzen ari den genozidioa. Horren aurrean, Israelek genozidio hori gelditzea eta hemen Israelen gerra, okupazio eta genozidio estrategiarekin dauden konplizitate guztiekin amaitzea eskatzen dugu.

Egoera honetan, eta aldarrikapen horiek kontuan hartuta, martxoaren 3an ezin dugu ahaztu azaroaren 30eko greba feminista orokorretik gatozela, ezin dugu ahaztu ere Arabako zaintza-sektorean, egoitzetan, etxez etxeko laguntzan,... prekarietatea nagusi den horietan borrokek eta aldarrikapenek jarraitzen dutela, eta ezin ahaztu ere zaintza-sistemaren krisi nabarmena bizitzen ari baikara.

Horren aurrean, zaintzak erdigunean jarri nahi ditugu, bizitza duinak aldarrikatu, eta emakumeek 76ko borrokan izan duten funtsezko papera gogoratu. Hortaz dei egiten dugu zaintza-lanak duintzeko eta banatzeko eta zaintza-sistema publikoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzunkidea lortzeko.

Horregatik guztiagatik, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek, martxoak 3 elkartearekin batera, martxoaren 3rako (igandea) ekitaldi bat deitu dugu plazan, monolitoaren ondoan, 12:00etan, eta manifestazio bat 12:30ean, puntu horretatik abiatuta gure hiriko kaleak zeharkatzeko.