EAEko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileek lanuztea egingo dute azaroaren 22an

2017/11/14
ELA eta LAB sindikatuen esanetan oso egoera larria bizi dute EAEko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako (EUSTAT Lanbide, Osalan, Emakunde...) langileek. Bitartean, Jaurlaritzak egoera honekiko agertzen duen arduragabekeria eta egoera aldatzeko langileen ordezkariokin negoziaziorako borondate falta berriz onartezina da eta azaroaren 22rako lanuztea deitu dute.

ELA eta LABen agiria:

- Lanpostu publikoen galera nabaria da Administrazio honetan. Lehen ere nahiko urria zen plantillari 200 lanpostutik gora kendu dizkio Jaurlaritzak 2010etik hona. Jaurlaritzak erretiroak probesten ditu lanpostu asko hutsik uzteko edo ezabatzeko, zerbitzu publikoen zerbitzu egokirako duten garrantziari erreparatu gabe.

- Administrazio Orokorreko Langileen %40 inguru behin behinekoa da, lanpostu zerrendan jasotako lanpostuak betetzen ari direnak: LEPik ez da gauzatu azkenengo urte luzeetan, zenbait kidegotan/kategoriatan 27 eta 17 urte daramatzate LEPik gabe. Honen ondorioz, 7.000 langileko plantillan 2.700 behin behineko inguru gaude. Honi, lanpostu zerrendatik kanpo dauden egiturazko 100 lanpostu inguru gehitu behar zaizkio.

- Zerbitzu publikoak Administraziotik kanpoko enpresetara bideratzen ditu, hau da, zerbitzu publikoak pribatizatu egiten ditu. Jaurlaritzak etengabe, kontrol publikoari ihes egiten dioten negozio pribatuak elikatzen ditu diru publikoarekin, eta lan baldintza kaskarrak sustatzen ditu, kalitatezko enplegua sustatu eta lan baldintza duinak bermatu ordez.

Bitarteko langileak kaleratze arriskuan gaude une honetan. Jaurlaritzak alde bakarrez lekualdatze lehiaketa bat deitu du, honek beren titularitzakoa ez den lanpostu bat betetzen ari diren langile finkoengan eta bereziki bitarteko langileengan izan ditzaken kalteak aurrikusi eta enpleguaren inguruko diseinu egoki eta integral bat gauzatu gabe.

Gaixorik jartzea, bajak hartzea zigortua dugu. Izan ere, 2012tik aurrera, bajak hartzerakoan soldatak bere osotasunean ez ordaintzeko erabakia hartu zuen Jaurlaritzak.

Soldatetan aldebakarrez ezarri dizkiguten murrizketek %15etik gorako eros ahalmenaren galera eragin digu langile publikooi.

Eusko Jaurlaritzan langile publikook ez daukagu garapen profesionalerako inongo aukerarik.

Erretiroa hartzeko pizgarririk ere ez dugu, eta Itzarri Pentsio planerako ekarpenak etenda ditugu. Lan legepeko langileek gainera, 2019tik aurrera erretiro partziala hartzeko aukera airean dugu.

Sindikatuok urteak daramatzagu enpleguaren inguruko egoera larria salatzen eta enplegua egonkortuko duen diseinu integral eta bakarra aldarrikatzen; baita 2010etik langileak beren lan baldintzetan pairatzen ari diren murrizketa guztiak atzera bota eta lan baldintzak hobetzea ekarriko duen negoziaketa erreal bat eskatzen ere. Bide horretan, ehundaka kontzentrazio eta hainbat ekintza desberdin gauzatu ditugu: sinadura bilketak, langile batzarrak, idatzi anitz etab.

Mahai negoziatzaile desberdinetan ere etengabe aldarrikatu ditugu eduki hauek, baina Jaurlaritzak ez dio inolako erantzunik ematen aldarrikapen hauei. Are gehiago, aldarrikapen hauei muzin egin eta langileen lanaren eta lan baldintzen kalterako diren alde bakarreko erabakiak hartzen ditu maiz. Honen adibide garbienetakoa abian jarri duen lekualdatze lehiaketa, ehundaka langileren kaleratzea suposa dezakeena.

Azken hilabete honetan idatziz eskatu diogu Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoari benetako negoziazioari ekiteko eta murrizketetan atzera egiteko. Eta horri ere entzungor egin dio, ez du ingongo borondaterik erakutsi.