GIZARTE EKIMENA

Egibide ikastetxea zigortu dute ordezkapen araudia urratzeagatik

2024/02/20
ELAko sei afiliatuk salatu zuten zaintzarako orduak eskola jarduera egiteko erabiltzera behartu zituztela. Epaia irmoa da eta ELAri arrazoia emateaz gain, sei langileei irakastorduak ordaintzera zigortu du.

Gasteizko Lan Arloko 1.zenbakiko Epaitegiak Gasteizko Egibide ikastetxea zigortu du Gizarte Ekimeneko hitzarmen kolektiboaren 42. artikulua ez betetzeagatik, hau da, ordezkapen araudia urratzeagatik. Hala, salaketa jarri duten sei langileei eskola orduak ordaintzera zigortu du Egibide.

Hitzarmenean jasota dagoen bezala, ustekabeko bajen ondoriozko ordezkapenak badira enpresak hiru egun ditu ordezkapena egiteko. Prozesu horretan, Egibidek ez zuen bajan zegoen pertsona ordezkatu eta laugarren egunetik aurrera sei langile horiek eman zituzten eskola orduak. Beraz, epaiak aintzat hartu du ELA sindikatuak salatutakoa: laugarren egunetik aurrera, ordu horiek eskola ordutzat hartu behar direla eta ez guardia ordutzat.

Ebazpena garrantzitsua da sektore osoarentzat, Egibiden gertatutakoa ohikoa baita sareko beste ikastetxe eta institutu askotan. ELAk plantillak aktibatzearen alde eta hitzarmena betetzeko epaitegietara eramatearen alde egiten jarraituko du.