ELAk kudeaketan gardentasuna eta Hezkuntzako langileen osasun eta segurtasunari begirako neurri egokiak hartzea galdegiten dio Eusko Jaurlaritzari

2020/03/09
Koronabirusa dela eta datozen 15 egunetako klaseak bertan behera geratuko dira Gasteizko eta Labastidako ikaszentru guztietan, baita Laguardiako institutuan ere. Erabakiak Haurreskola, eskola, institutu zein unibertsitateei eragingo die.

Neurrien berri emateko bilera izan da gaur eta bertan adierazi zaigunez, neurri hauek kontrol epidemiologikora begira hartutakoak izan dira, kutsadurak ekidite aldera hartutakoak eta ondorioz eskolak suspenditzeak ez dakar ikastetxeen itxierarik. Hala izanik, Hezkuntza sailarenpeko langile guztiek ikastetxera joaten jarraitu beharko dute eta protokolo orokorra aplikatuko zaie.

Momentuz, langile guztiei garbitasun protokoloa helarazi zaie eta horrekin batera idatziz aholku sorta ere bideratuko zaiela esan da gaurkoan.

Informazio gehiagoren zain, gaurko bileran ELA-tik adierazi bezala, Eusko Jaurlaritzari informazio guztia eta jarduera-protokoloen eta hauen eguneraketa guztien baitan hartutako erabaki bakoitzaren berri ematea galdegiten diogu. Aldi berean, langileen osasun eta segurtasunari begirako neurri egoki eta eraginkorrenak har ditzala eta baita edozein gorabehera garaiz jakinarazi eta dagokion erregistroan inskribatzea ere.