ELAk akordioa lortu du CCOO eta LABekin Arabako Metalaren Hitzarmen Kolektibo baterako lehen urrats gisa

2021/12/21
ELAk urrats garrantzitsua egin du Arabako Metalean -1999tik hitzarmen kolektiborik gabe- negoziazioa bultzatzeko eta eduki onak bilduko dituen eraginkortasun orokorreko hitzarmen bat lortzeko. CCOO eta LABekin lortutako akordioari esker, ez da gutxiengoan akordiorik sinatuko, eta Arabako Metalaren Hitzarmen Kolektibo bat izango da helmuga; hiru sindikatuek ados egon beharko dute plataforma bateratua aktibatzeko edo mobilizazioak bultzatzeko; Arabako metalaren hitzarmena subsidiarioa izango da akordio propioa dutenentzat, eta horien edukia osatzeko edo hobetzeko balioko du.

Sindikatuak gogorarazi du urteak daramatzatela baldintza duinak aldarrikatzen eta joko demokratikoaren arauak errespetatu daitezen exijitzen. ELAk azpimarratu du Arabako Metalak hitzarmen duina merezi duela, eta horretarako beharrezkoa dela mahaiaren %51rekin sinatzea eta sektorearen errealitatearekin eta irabaziekin bat datozen baldintzak ezartzea. “Bada garaia Metalaren Hitzarmena duintzeko eta sortutako aberastasuna metalurgia prekarioenetara iristeko”.

ELAk gogorarazi du Arabako metala 1999tik dagoela hitzarmen kolektiborik gabe. Urte horretatik aurrera, UGTk eta CCOOk gutxiengoan sinatutako itunak izan dira guztiak, 2015-2017ko azkena. "Horixe izan da azken 20 urteetako dinamika tristea, eta Araban, hitzarmenak banan banan eta enpresaz enpresa sinatzea beste aukerarik ez digute utzi", deitoratu du.
Zentzu horretan, joera hori desagerrarazteko lehen urratsa egin izana txalotu du ELAk.

Hala ere, uste du oraindik lan handia dagoela egiteko hitzarmen honek gutxieneko baldintzak jaso ditzan. Izan ere, urteko lanaldia Euskal Herriko handiena da sektorean; enpresek malgutasun handia dute; soldatak urriak dira eta metaleko enpresek sortzen duten aberastasunarekin ez dira inondik inora proportzionalak.

Gauzak horrela, ELAk egindako urratsa ospatu du, baina gogorarazi du oraindik asko dagoela egiteko Gipuzkoako metalgintzako lankideek dituzten baldintzak lortu arte.