ELAk Aldi Baterako Laneko Enpresen hamabi kontratu CEVA-Mercedesen enpresakoak izatera pasatzea lortu du

2021/07/16
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ELAren aldeko epaia eman du CEVA Logistics enpresaren (Mercedeseko enpresa azpikontratatua, 250 langile inguru) hitzarmenaren 9. artikulua ez betetzeari dagokionez. Hitzarmenaren 9. artikuluak ABLE (Aldi Baterako Laneko Enpresa) bidezko langileen kontratazioa arautzen du. Horrenbestez, ABLEen kontratuak dituzten hamabi langilek enpresa-kontratua izango dute aurrerantzean.

ABLEak eta azpikontratazioak lan- eta gizarte-harremanak okertzeko eta prekarizatzeko mekanismoa dira. Baina ez bakarrik modalitate horiekin kontratatutako pertsonena, baita langile guztiena ere. Enpresaren erabaki horrek lehen eta bigarren mailako langileak sortzea du helburu, haien onura ekonomikoaren mesedetan.

ELAk urteak daramatza Mercedesen eta kontratetan dagoen prekarietatea adierazten. CEVAren epai hau adibide bat da, baina antzeko prozesuak izan dira Mercedes, DHL, Formel-D, Faurecia edo SASen. ELAk argi du prekarietateari oro har aurre egingo diogula, edonon.