ELAk Arabako Ehunkien Merkataritzako hitzarmena sinatu du

2019/07/11
ELAk, sektoreko %63,33ko ordezkaritza duela, hitzarmen berri bat sinatu du, Arabako Ehunkien Merkataritzako langileen lan-baldintzak arautzeko. Hitzarmenean, ordu osagarrien %30 finkatzea, soldatak duintzea, hitzarmena ez salbuesteko klausula, edo lanaldi-arloko baldintzarik onuragarrienak mantentzeko bermea jasotzen dira, besteak beste.

Hona hemen hobekuntza nagusiak:

- Hitzarmenaren indarraldiak 4 urteko aurrera-eragina izango du; hau da, 2024ko abenduaren 31ra arte luzatuko da, hala behar izatekotan.

- 2017an %1,2ko igoera, nominan aplikatzeko eta atzera-eraginez ordaintzeko. Behin kenduta aurreko hitzarmenean sarturiko zatia. 2018an %1,6ko igoera, nominan aplikatzeko eta atzera-eraginez ordaintzeko. 2019an %1,8ko igoera, eta 2020an %2ko igoera.

- Ardura-plus berri bat abonatzea, 4,58 euro/eguneko. Denda saltzaileak, ordezko gisa, arduradunen eginkizunetan aritu behar izatekotan.

- Enpresa bakoitzak markatzen dituen salmenta-helburuen %1eko hileroko prima berri bat langile guztientzat. Hilabetea amaitu ostean abonatuko da, eta jaso ohi diren komisio eta pizgarrietatik apartekoa izango da. Prima berri honek ez ditu lehenagoko pizgarriak xurgatuko.

- Hitzarmenean jasotako dieta eta plus guztiak eguneratzea.

- Merkataritza-orduetatik kanpoko inbentario, merkealdi eta prezio-aldaketetan ematen den denboraren konpentsazioa, langilearen aukeran denbora librean eta 1,75 €/orduko gehi kasuan kasuko dieta (15 € afaltzeko edo 4 € gosaltzeko).

- Hilean asteburu bat libre hartzeko eta lanaldi-arloko gainerako baldintzak mantentzeko bermea, horrela aplikatu ohi den enpresetan.

- Ordutegi-arloko hobekuntzak. Librantza-egunak: abuztuko larunbatak, Andre Mari Zuriaren jaiak, Arabako herri bakoitzeko zaindari-eguna, eta Olarizu-eguneko arratsaldea (14:00etatik aurrera). Gabon gaueko irteera-ordua 20:30etan izango da, eta Gabon Zaharrekoa 19:00etan.

- Uniformea edo berariazko laneko arropa jantzi behar den enpresetan, urtean behin gutxienez eman beharko da janzki berria.