ELAk Arabako Gizarte Esku-hartze Sozialaren hitzarmena sinatuko du 2021-2024 urteetarako

2023/01/18
Hitzarmenak %12,9ko soldata igoera jasotzen du; KPIaren eguneratzea hitzarmena amaitzean; urteko orduak funtzionarioekin parekatzea; eta baimen eta lizentziei lotutako hobekuntzak.

ELAk, negoziazio mahaian gehiengoa izanda (%54 inguru), hobekuntza garrantzitsuak lortu ditu Arabako Esku-hartze Sozialaren sektorean. 2021-2021 urteetarako hitzarmenak soldata %12,9ko soldata igoera jasotzen du; KPIaren eguneratzea hitzarmena amaitzean; urteko orduak funtzionarioekin parekatzea; eta baimen eta lizentziei lotutako hobekuntzak. Hitzarmena urtarrilaren 23an sinatuko da, 12:30ean, Gasteizko PRECOn. Sindikatuak dio akordioa garrantzitsua dela sektore feminizatu horretako mila langilerentzat, hitzarmena indarrean dagoen bitartean erosahalmena bermatzen duelako eta sektorearen aldarrikapen nagusiak jasotzen dituelako.

Urte eta erdiko negoziazio zail baten, 35 negoziazio mahairen eta lau greba eta mobilizazio egunen ostean iritsi da akordioa. ELAk uste du sektorearentzako hitzarmen positiboa dela, are gehiago, kontuan hartuta beste sindikatu batzuk lortutakoa baino akordio okerragoa sinatzeko prest zeudenean.

Hauek dira hobekuntza nagusiak:

  • %12,9ko soldata igoerak, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, eta KPI eguneratzea hitzarmena amaitzean.
  • 30 orduko lanaldi murrizketa 2024ra arte, urteko orduetan funtzionarioekin parekatuz.

  • 3 opor egun gehiago indarrean dagoen bitartean.

  • Antzinatasun plusaren igoera.

  • Igandeko plusen eta gaueko plusen arteko bateragarritasuna.

  • Lanaldi murrizketak astean, hilean edo urtean metatzeko aukera.

  • Adingabeak edo mendeko senitartekoak zaintzeko eszedentziengatiko lanpostu erreserbak 2 urtera luzatzea.

  • Beste hobekuntza batzuk kontziliazioan, lizentzietan eta baimenetan.