ELAk aurreakordioa lortu du PreZerorekin eta hamar eguneko grebari amaiera eman dio
ELAk aurreakordioa lortu du PreZero enpresarekin eta Aiarako Kuadrillarekin, hiri hondakinen bilketa zerbitzuan hamar eguneko greba mugagabearen ostean, langile guztiek babestu dutena. Akordioak soldata eta lan baldintzak hobetzea jasotzen du, eta uztailaren 20an hasitako gatazkari amaiera ematen dio.
Akordioak langileen aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu. Soldata igoerak KPIaren araberakoak izango dira kontzeptu guztietan 2026, 2027, 2028 eta 2029 urteetan. Horrez gain, langileek hilabetean bi asteburu lan egin beharrean, hilabetean larunbat bakarra lan egitea egokituko zaie.
Halaber, lanorduetan batzarrak egiteko bi ordu izatea jasotzen du, bai eta abenduaren 24an eta 31n lanaldi erdia egiteko eskubidea ere.
ELAk nabarmendu du emaitza antolakuntza sindikalari esker lortu dela, baita mobilizatzeko gaitasunari eta zerbitzu juridikoen, aholkularitza zerbitzuen eta erresistentzia kutxaren babesari esker ere.
Akordiotik harago, ELAk kritikatu du Aiarako Kuadrillak zortzi urteko kontratuak lizitatzea, egungo hondakinen bilketa zerbitzuarena kasu, 2032ra arte luzatzen dena. Izan ere, horrelako kontratuek indarrean dauden bitartean lan baldintzak hobetzea zailtzen dute eta administrazioen, enpresen eta langileen arteko akordioak lortzeko oztopo bihur daitezke.
ELAk gogorarazi du zortzi urteko kontratuak ez direla derrigorrezkoak, erabaki politikoak baizik. Alternatiba gisa, Galdakaoko Udalaren eredua jarri du adibidetzat, lau urteko kontratua lizitatu duena.