ELAk bat egiten du ekainaren 3an Gasteizen Errekaleorreko bizilagunek deitu duen manifestazioarekin

2017/05/26
ELAk bat egiten du ekainaren 3an Gasteizen Errekaleorreko bizilagunek deitu duen manifestazioarekin. Hitzordua 17:30tan da, Andra Mari Zuriaren plazan. Bat egiten du deitzaileen aldarrikapenekin. Hamaika arrazoi daude horretarako. Lehendabizi, aipatu beharra dago ELAk begi onez ikusten duela Errekaleor Auzo Askea eta haien proiektua, kapitalismo hiltzaile eta aseezin honen aurkako alternatiba bat bezala ikusten baitugu.

ELAk bat egiten du ekainaren 3an Gasteizen Errekaleorreko bizilagunek deitu duen manifestazioarekin. Hitzordua 17:30tan da, Andra Mari Zuriaren plazan. Bat egiten du deitzaileen aldarrikapenekin. Hamaika arrazoi daude horretarako.

Lehendabizi, aipatu beharra dago ELAk begi onez ikusten duela Errekaleor Auzo Askea eta haien proiektua, kapitalismo hiltzaile eta aseezin honen aurkako alternatiba bat bezala ikusten baitugu. Bizitza duin baten eta autogestioaren bidean dauden gazte batzuen erabakia auzo bat berreskuratzea izan zen, ekintza eta denontzat irekiak ziren kultura eskaintzak martxan jarriz; bizitza duin bat bilatzen zuten, elkarlana, duintasuna eta elkarren zaintzaren baloreak landuz.

Gizartearen eta ekologismoaren eraldaketaz hitz egiten dugunean Errekaleorreko proiektua ere aintzat hartu dezakegu. Bizitza erdigunean jartzen duen proiektu bat daukagu aurrean, neoliberalismoaren jokoan parte hartzeari muzin egiten diona.

Errekaleorreko bizilagunek behin eta berriz aldarrikatu duten Gorka Urtaran alkatearekin bildu nahi dutela. Baina honek argi eta garbi azaldu ditu bere asmoak: Iberdrolak eta Ertzantzak auzoari elektrizitatea moztu izana justifikatzeaz gain auzoa botatzeko asmoa duela iragarri du.

Badirudi Errekaleor Auzo Askeko bizilagunek argi daukatela: haiek bizitza erabaki dute, neoliberalismoa gaindituz eta alternatiba bat eraikiz. Bizitzeko eskubidea erreala bihurtuz. ELAk ere argi dauka: kapitalismoa eta bizitzaren artean, bizitza hautatzen dugu. Ekainaren 3an Gasteizen elkar ikusiko dugu.