ELAk baztertu du Aernnova Aeroestructuras de Alava enpresan planteatutako enplegu-erregulazioko espedientea

2020/11/11
Sindikatuak argi dauka lan-karga txikia bizi dugun egoeraren ondorio zuzena dela, beraz, ez ditu justifikatzen enpresak hartutako neurri estruktural eta traumatikoak. Gainera, ELAk gogorarazi du milioi askoko irabaziak dituen enpresa errentagarria dela.

ELAk baztertu egin du Aernnova Aeroestructuras enpresak Berantevillako (Araba) lantegian proposatutako enplegu-erregulazioko espedientea. Lan-karga txikia bizi dugun egoeraren ondorio zuzena dela ziurtatu du, eta, beraz, ez ditu inolaz ere justifikatzen enpresak hartu nahi dituen neurri estruktural eta traumatikoak. Era berean, milioi askoko irabaziak dituen enpresa dela gogorarazi du.

Gutun baten bidez, enpresak argudiatu du aeronautikako krisia egiturazkoa dela eta horregatik hartu behar direla neurri horiek. "Sektoreak bizi duen krisi koiunturalari errentagarritasuna ateratzea besterik ez dute nahi. Krisiaren ondorioak langileen bizkar gainean utzi nahi dituzte", salatu du sindikatuak.

Gainera, ELAk gogorarazi du milioi askoko irabaziak dituen enpresa errentagarria dela. Azken ekitaldietan milioika euro banatu ditu akziodunen artean. 2017. urtea adibide gisa hartuta, enpresak gehienez 140,8 milioi euro bana zitzakeen, eta 139,4 milioi euro banatzea erabaki zuen. 2020ko urtarrilean, zuzendaritzak 490 milioi euroko kreditua eskatu du, milioi horietako 100 akziodunei dibidendu gisa banatzea da zuzendaritzaren helburua. "Zifra horiek erakusten dute nahi duten gauza bakarra egoera honetatik dirua ateratzea dela", laburbildu du ELAk.