ELAk borrokara joko du Tubacex taldean enpleguaren eta lan baldintzen alde

2020/07/22
Tubacex taldeko zuzendaritzak lantaldearen ordezkariei jakinarazi die Laudioko eta Amurrioko lantegietan kaleratzeak eta murrizketak aurrera eramateko asmoa duela. ELAk ohartarazi nahi du burtsan kotizatzen duen euskal multinazional honek azken urteetan etekinak milioika pilatu dituela. Kezkatzekoa da zuzendaritzak Covid-19aren osasun krisia baliatu nahi izatea era guztietako murrizketak egiteko, enpleguari zein lan baldintzei dagokienez.

ELAk Tubacexeko zuzendaritzaren jarrera arbuiatu egin nahi du, eta iragartzen du lanpostuen eta lan baldintzen alde borrokara joko duela. Kasu honetan zuzendaritza zeharo aberastu da urte oparoetan, eta abagunea baliatu nahi du lan baldintzei erasateko.

Azkenik, ELAk kargu hartu dio Eusko Jaurlaritzari, zehazki Arantza Tapia industria sailburuari, zeina aldi berean krisi sanitario osteko berreraikitze aldirako arduraduna den. Multinazional honen planen berri izan zuenean, sailburuak zuzendaritzari buruzko kritikarik ez zuen adierazi, ez eta lantaldearekiko elkartasunik ere. Tamalez, sailburua oraingoan ere patronalaren aldera lerratu da. ELAk eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari aurre egin diezaiola enpresa honetan lanpostuak suntsitu edo baldintzak okertzeko edozein saiori.