ELAk CIE Mecautoko hitzarmena sinatu du, Gasteizen, bost eguneko grebaren ostean
Horrekin batera, hitzarmenak aldi baterako laneko enpresen (ABLE) gehiegizko erabilera mugatuko du eta egonkortasuna eta kontziliazioa bermatuko dituen urteko egutegi baten derrigortasuna jasotzen du. Era berean, gogorarazi behar da Outsorcing deiturikoa aplikatuz, bazirela beste enpresa batzuen instalazioetan azpikontratatuta zeuden eta zuzenean kontratatutakoek baino askoz soldata txikiagoak zituzten langileak. Bada, orain, hitzarmena sinatzean, soldata lankideen soldataren parekoa izango da, eta 21.000 euro kobratuko dituzte.
ELAk bere garaian salatu zuen Outsorcing egoera baten aurrean zirela, eta auzitegien babesa jaso zuen. Izan ere, Justiziak arrazoia eman zion sindikatuari, eta Outsorcing SGEren bidez CIEko hainbat lantegitan legez kanpo egindako langileen lagapena agerian utzi zuen. Orduan, sindikatuak langile horiek zuzeneko plantillan sartzea lortu zuen, eta orain, hitzarmena sinatzean, euren soldata ere parekatzea lortu du sindikatuak.
Era berean, promozio-sistema eta kategoria zuzenak ezartzen dira. ELAk azpimarratu du, hitzarmena sinatuta, langile asko promozonatuko direla, eta, horrela, horiek gabeko urteak konponduko direla. Horri esker, langileek maila ertaina lortu ahal izango dute, "enpresaren zuzendaritzaren diskrezionalitatearen mende egon beharrik gabe".
ELAk langileak zoriondu ditu, Arabako industrian prekarietatea desagerrarazteko beste urrats bat egin dutelako, eta, bereziki, grebaren arrakasta ospatu du, "gizartean beldurra maila kolektiboan zabaltzen ari den testuinguru honetan".
"Argi geratu da irabaziak dituen enpresa batek aberastasunaren banaketa justua egiten ez duela atzematen bada, sindikalizazioaren eta borroka antolatuari esker, langileek hobekuntzak lortu ditzaketela negoziazio kolektiboaren bidez. Hori guztia ia ezinezkoa litzateke erresistentzia-kutxarik gabe, tresna horrek bermatzen baitu langileek multinazional askorekin aurrez aurre negoziatu ahal izatea”, azpimarratu dute.