METALAREN MERKATARITZA (ARABA)

ELAk errefusatu egiten du UGTk gutxiengoan sinatutako akordioa

2023/12/15
UGTk, zeinek sektorean %12,5eko ordezkaritza duen soilik, SEArekin batera sinatu du eragin mugatuko akordioa Arabako Metaleko Merkataritza Sektorean. Azken Hitzarmen Kolektiboa 2006-2008 urteetarako sinatu zen, eta hortik aurrera ez da inolako akordiorik erdietsi.

ELAk salatzen du gero eta ohikoagoa izatea Araban eraginkortasun mugatuko itunak sinatzea, eta berriro aukera bat galtzea errealitatera egokitzeko eta 2008ko krisiaren garaitik bere hitzarmenean aurrerapausorik ikusi ez duen sektore baten lan-baldintzak duintzeko.

Sektore honen errealitatea ezagutzen duenak badaki onartezina dela soldata-taulen gaineko soldata-igoera sinatzea, eta ez soldata errealen gainekoa. Ez da egia hitzarmen honetan negoziatutakoak 3.500 langileri eragitea; izan ere, urte hauetan, beren enpresetan antolatzea eta negoziatzea erabaki duten langileek sektoreko hitzarmenean adostutakoa hobetzea lortu dute hainbat enpresa akordioren bitartez.

Gainera, akordio hori gehiengo sindikalaren ezezkoarekin gauzatu da, sindikatu guztiek uste izan baitugu ez dela nahikoa, UGTk izan ezik; izan ere, UGTk akordioa sinatu du, joko demokratikoaren arau guztiak hautsiz eta baldintzak hobetu zitezkeen akordio bat beharrean, egoera ia hobetzen ez duen itun bat sinatuz. Era berean, UGTk eta SEAk ez dute sektoreko langileen esku jarri akordioari atxikitzeko dokumenturik, eta negoziazio guztia ateak itxita eman da.

Gure ustez, akordio hau patronalari egindako opari bat besterik ez da, negoziazioen hasieratik ELAren eskaerei jaramonik egin ez dionari, eta akordio bat oparitu zaio, 5 bilera baino gutxiagotan lortu dena.

Horregatik guztiagatik, ELAk modu negatiboan baloratzen du akordio hau sinatzea, negoziazioaren amaiera langileen kolektiboarentzat mesedegarriagoa den testuinguru batean eman behar zela ulertuta. Sektoreko langileek 15 urte baino gehiago daramatzate lan jardunaldi berarekin, eta langileen gehiengoak gainera ez du soldata-igoerarik izango nominetan.

Ildo horretan, ELAk animo mezu bat helarazi nahi die plantillei, Eraginkortasun Mugatuko Itun honen aurrean alternatibak eraikitzeko eta antolatzearen alde egin dezaten.