Arabako erresidentziak

ELAk eta LABek bi greba egun gehiago deitu dituzte ekainean

2025/06/18
Grebak ekainaren 25ean eta 26an izango dira, patronalak egindako azken proposamenak aurreko baldintzak okertuko lituzkeelako.

 

ELAk eta LABek grebara deitu dute berriro Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioetan ekainaren 25ean eta 26an. Guztira, hamar greba egun egin dira 2025ean. Deialdia joan den asteko negoziazio mahaiaren ostean iritsi da, patronalek hitzarmenerako proposamena aurkeztu ostean. Sindikatuek ez dute onartu proposamen hori. ELAk eta LABek uste dute azken proposamenak duela urtebeteko proposamenarekin alderatuta edukiak okertu dituela, soldatei eta lanaldiaren murrizketari dagokienez. Gainera, langileen zenbait eskubide murriztu nahi dira.

Sindikatuek adierazi dute azken proposamen hori duela urtebetekoa baino okerragoa dela, eta sindikatuei eta Aldundiari xantaia egin nahi dietela. Izan ere, patronalak Aldundiaren dirua erabiltzen ari dira hitzarmenean egiten duten ekarpena murrizteko. Gainera, 2027tik aurrera aldundiaren laguntzekin jarraitu ezean, hitzarmena aplikatzeari utzi nahi diote. "Xantaia hutsa" dela uste dute.

Gauzak horrela, eta probintziako lehen hitzarmenaren alde sei urte baino gehiago borrokan egon ondoren, sindikatuek uste dute badela garaia zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzeko.