ARABAKO EGOITZA ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK

ELAk eta LABek greba deitu dute otsailaren 20an

2025/02/18
Arabako Aldundiaren aurrekontu akordioa aurrerapausoa izan da, baina momentu honetan ez dago inolako proposamenik mahai gainean

2025 urte hasieran ELAk eta LABek bi greba egun deitu zituzten Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorean; aurrenekoa urtarrilaren 30ean izan zen eta hurrengoa otsailaren 20an izango da. Urtarrileko greba egunaren balorazio positiboa egin eta gero, ELAk eta LABek otsaileko egunaren deialdia egin dute.

Sektorean egoera latza jarraitzen du izaten; mahai gainean ez dago proposamenik eta negoziazio mahaia blokeatuta dago. Arabako Aldundiak urtarrilean proposamen berri bat ekarriko zutela esan zuten, baina hori ez da gertatu. Gainera, urte amaiera baino lehen izandako bileretan Administrazioak soldatari eta lanaldiari buruz baino ez duela hitz egin nahi. Are gehiago, gutxiengoan sinatutako balizko itun bati atea ireki zaio. ELAk eta LABek Arabako Foru Aldundiari eta patronalei ohartarazi nahi diete lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen orokor bat nahi dutela, eta ez dutela onartuko gutxiengoan sinatutako akordio faltsurik.

EAJ-PSEk eta EH Bilduk akordio bat lortu zuten abenduan Arabako Foru Aldundian aurrekontu proiekturako, eta bertan diru kopuru bat zehazten zen Arabako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko. ELAk eta LABek positibotzat baloratu zuten, gatazka agenda politikoan kokatzea urteetan egindako greba eta mobilizazioen emaitza izan delako. Baina egunak pasa ahala eskaintzarik gabe jarraitzen da, eta horregatik, ELAk eta LABek hartutako konpromisoa behingoz betetzeko exijitzen diote Aldundiari.

Sektorea duintzeko neurri espezifikoak eta konpromiso politikoak falta dira, eta 5 urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren, Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioen sektorean prekaritatea nagusi da patronalek eta Aldundiak hala nahi dutelako. Gauzak horrela, otsailaren 20an goizean kontzentrazio bat egingo da Aldundiaren aurrean eta arratsaldean manifestazio nagusia burutuko da Desamparadas plazatik Ama Birjinia Zuriaren plazaraino.