ARABAKO EGOITZA ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK
ELAk eta LABek greba deitu dute urtarrilaren 30ean eta otsailaren 20an

ELAk eta LABek 2025eko lehen bi greba egunak deitu dituzte Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorean: urtarrilaren 30ean eta otsailaren 20an izango dira. Sindikatuek kritikatu dute ez dagoela proposamenik mahai gainean eta negoziazio mahaia blokeatuta dagoela, nahiz eta langileek zazpi urte daramatzaten lan baldintzak hobetuko dituen lehen hitzarmen probintzialaren alde borrokan.
Negoziazioei dagokienez, Administrazioak soldatari eta lanaldiari buruz baino ez du hitz egin nahi. Gainera, gutxiengoan sinatutako balizko itun bati atea ireki zaio. ELAk eta LABek Arabako Foru Aldundiari eta patronalei ohartarazi diete lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen orokor bat nahi dutela, eta ez dutela onartuko gutxiengoan sinatutako akordio faltsurik.
EAJ-PSEk eta EH Bilduk akordio bat lortu zuten abenduan Arabako Foru Aldundian aurrekontu proiekturako, non diru kopuru bat zehazten den Arabako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko. ELAk eta LABek positibotzat jo dute neurria, eta azpimarratu dute gatazka agenda politikoan kokatzea 2024an egindako greba eta mobilizazio egunen emaitza izan dela. Hala ere, sindikatuek gogorarazi dute sektorea duintzeko neurri espezifikoak eta konpromiso politikoak falta direla, eta 5 urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren, prekaritatea nagusi dela, patronalen eta Aldundiaren erantzukizunagatik.