ARABAKO ERRESIDENTZIAK

Jarraipen zabala izan du maiatzeko lehen greba egunak

2025/05/22
Aldundiak eta patronalek ez diote erantzun ELAk eta LABek gatazka gainditzeko egindako proposamenari. 2025ean, guztira, 10 greba egun aurreikusten dira.

ELAk eta LABek Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioetan deitutako greba egunak jarraipen zabala izan du. Maiatzeko lehen greba eguna zen gaurkoa eta bihar, maiatzak 23, bigarrena izango dute. Gogorarazi dute 6 urte baino gehiago daramatzatela gatazkan, Eusko Jaurlaritzak agindutako "gehiegizko gutxieneko zerbitzuei aurre egiten”. Maiatzean deitutako bi greba egun horiekin, ekainaren 4ko eta 5eko biak gehituta, 2025eanhamar greba egun izango dira.

Sindikatuen ustez, negoziazioaren egoera kezkagarria da. Alde batetik, Aldundiak ez du ELA eta LABekin bildu nahi. "Proposamen bat aurkeztu genuenetik hilabete baino gehiago igaro ondoren, Gizarte Zerbitzuetako diputatuak desagertuta jarraitzen du", adierazi dute. Bestalde, adierazi dutenez, "patronalek bertan behera utzi zuten azken negoziazio mahaia, argudio lausoekin". Era berean, hiru patronalek oraindik ez diote erantzunik eman ELAk eta LABek aurkeztutako testuari.

Egoera horren aurrean, langileek grebak egiten jarraitzen dute beren lan baldintzak hobetzeko.