SIBUYA JATETXEA (Urban Sushi Bar)

ELAk greba deitu du apirilaren 5, 6, 13, 20 eta 27an

2024/04/04
Gasteizko Sibuya jatetxeko langileek apirileko larunbatetan greba deitzea erabaki dute, hitzarmen propioa lortzeko eta aparteko orduen gehiegikieriarekin amaitzeko. Horretaz gain, apirilaren 5ean ere egingo dute greba. Greba eguna dela-eta langileek mobilizazioa egingo dute 14:00tan Gasteizko Plaza Berrian.

Sibuyak 2022ko martxoan ireki zituen ateak, 15 langile ditu, eta Trypadvisor bezalako plataformetan Arabako bezeroen lehen gogobetetze postua du. Zabaldu zenetik, plantilla gehienak bertan jarraitzen du lanean; hori ez da ohikoa kate honetan. Hasieratik, lan kargak gehiegizkoak izan dira, eta plantilla eskasa. Ondorioz, langileek urte bakoitzeko 140 aparteko ordu egin dituzte batez beste, eta kasu batzuetan egoera are muturrekoagoa da. Bide juridikora jo behar izan da preskribatu ez direnak ordain daitezen, zuzendaritzak ez zituelako ordaindu nahi.

Plantillak ELAko ordezkari bat aukeratu ondoren, otsailaren 15ean bilera bat egin zen Sibuyako zuzendaritzarekin, negoziazio eremu propio bat irekitzeko eta lantokirako hitzarmen propio bat adosteko. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: soldata hobetzea (sektoreko hitzarmeneko taulak izoztuta daude 2019az geroztik), urteko lanaldia txikiagotzea, plantilla handitzea eta aparteko orduen gehiegikeriarekin amaitzea, horri buruzko erregulazio baten bidez.

Zuzendaritzak bertan behera utzi du martxorako adostutako bilera, eta uko egin dio data berri bat ezartzeari. Langileen aldarrikapenei ere ez diete erantzunik eman. Bere ekintza bakarra lantokiko gainbegirale bat izendatzea izan da, egungo zuzendariaren gainetik; Estatuko beste Sibuya zentro batzuetan ez dago halakorik.