MICHELIN GASTEIZ

ELAk grebaren aldeko apustua egiten du UGTk eta CCOOk sustatutako desmobilizazioa geldiarazteko

2023/06/14
Estatuko gehiengo sindikalak Burgosen negoziatutako eskaintza eskasa izateaz gain, xantaia da. Gasteizko langileek errefusatu egin behar dute bermerik gabeko erreferendum batean
.

Michelingo negoziazioetan sindikatuen borrokari eta tentsioari eustearen alde egin du ELAk, hori baita zuzendaritza immobilismotik irtetera behartzen duen tresna bakarra. Zehazki, ELAk Euskal Herriko lantegietako greba dinamikekin jarraitzearen alde egin du.

Prozesu honetan, zuzendaritzaren interesekin bat egin ez duten sindikatuek, langileen mobilizazioarekin batera, agerian utzi dute enpresaren ahultasuna, gainerako erakundeak grebara eramatearekin batera. Hori dela eta, Michelingo zuzendaritzak, UGTk, CCOOk eta beste sindikatu txikiago batzuek hitzartu dute Gasteizko langileak desmobilizatzeko estrategia, eta argi uzten du Lantoki arteko Batzordea enpresaren onurarako sortua dela, negoziazioak lantokietatik eta Euskal Herritik aldentzeko.

Testuinguru horretan kokatzen da eskaintza, xantaia eta ultimatuma dena: erreferendumean bozkatzea proposatzen da, grebarekin eta bizi eta lan baldintza hobeak lortzeko irekitako bidearekin amaitzeko. Kasu honetan, enpresari eta mobilizazioa gelditu nahi duten sindikatuei baino ez die mesede egiten ezarritako denbora estuak: 72 orduko epea onartezina da. Nolanahi ere, ELAk ezetz bozkatzeko deia egin du, nahiz eta berme demokratikorik gabeko bozketa izan.

Gainera, eskaintza ez da nahikoa: kontsolidatuko ez diren 1.500 euroko ordainsaria ; KPIa %8tik gora igotzen bada 2023tik 2024ra artean, % 2 arte gehienez igotzea 2025eko urtarrilerako; KPIa % 4tik gora igotzen bada 2025etik 2026ra bitartean,  % 2ko gehienezko igoera 2027ko urtarrilerako. Eskaintza horrek ahaztu egiten du aurreko urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea; ez dago benetako KPIaren bermerik, ez lanaldi errealaren murrizketarik (urtea ez hasteko bost egun zorretan); ez du hileko ordainsarien sistema kentzen, ez du sarrera plana ezabatzen, eta ez du hobekuntzarik lizentzia eta baimenetan.