AMVISA eta Gasteizko Udala

ELAk greba amaitzeko konpromisoa eskatu du

2025/02/18
Euskal sindikatuak bilera batera deitu ditu azpikontratatutako enpresa, AMVISA eta Gasteizko Udala, gatazka hori ixteko helburuarekin. Otsailaren 25ean egingo da, 9:30ean, Gasteizko Lan Harremanen Kontseiluan.

Azaroaren 18tik, AMVISAko bezeroentzako zuzeneko arretako bost pertsonak greban daude. Jarraipena erabatekoa izaten ari da, eta Eusko Jaurlaritzak agindutako zeregin jakin batzuetarako gutxieneko zerbitzuetan izendatutako pertsona bakarrik ari da lanean.

Plantillak bere lanaldiak osatzea aldarrikatzen du, bere kontratuak partzialak direlako (% 75ekoak), baita subrogatzeko eskubidea ere. Haren hitzarmena Bizkaiko bulegoena da, 2010etik iraungita dago eta subrogazio-eskubiderik ez dauka. Halaber, langile gehiago eskatu dituzte zerbitzurako: 2024ko urtarrilean zortzi pertsona zeuden plantillan, eta uztailean, zazpi. Eta irailetik aurrera, bakarrik sei. Gero eta langile gutxiago lan gehiago egiteko.

Azken batean, hitzarmen propio bat eskatzen dute, nomina-egitura, erreferentziazko hitzarmena eta abar.

Prekarizazio horrekin, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua kaltetu egiten da, eta langileek ezin dute bizi-proiektu duin bat aurrera eraman. Hilabete hauetan, hainbat harreman izan dira azpikontratatutako enpresarekin, inolako akordiorik gabe. Gasteizko Udalak eta AMVISAk ez dute urratsik egin. Ez bilera-deialdirik, ez inolako harremanik plantillarekin edo sindikatuarekin. Are gehiago, ELAk Gasteizko Udala salatu du Lan Ikuskaritzaren aurrean, legez kanpoko ordezkapena eta grebarako eskubidea urratzeagatik.

Blokeo egoera horren aurrean, ELAk bilera batera deitu ditu inplikatutako alde guztiak (azpikontratatutako enpresa, AMVISA eta Gasteizko Udala) LHKren egoitzan, gatazka honi amaitzeko akordio batera iristeko. Bien bitartean, ELAk eta greban dauden langileek borrokan jarraituko dute prekaritateari aurre egiteko eta gasteiztarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko.