ELAk jasarpen sindikala salatu du Guardiako Egure Ugarten

2021/02/22
ELAk Eguren Ugarte-ren hotelean egindako 6 kaleratzeak salatu ditu. ELA sindikatuak kaleratze guztiak inpugnatu ditu, eta, gaur egun, horietako hiru bidegabeak direla onartu du enpresak. Iruzurra dela uste dugu. Enpresak diziplinazko kaleratzeak egiten ditu, eta, ondoren, bidegabea dela onartzen du; izan ere, ERTEen araudi berriak ez dio kaleratzea baimentzen ERTE-a eskatu zuen arrazoi berberengatik.

ELAk kaleratze horiek enpresaren asmo bati egotzi dizkio: enpresan hauteskunde sindikalak egiteko antolatu diren langileak zigortzea. Zehazki, jazarpen sindikaleko kasu bat da, kaleratutako guztiak ELA sindikatuaren hautagaitzako kideak izan baitziren. Hauteskunde hauek 2020ko azaroaren 30ean egin ziren eta ordutik ez dira kaleratzeak amaitu.

Gainera, ELAk salatu egin nahi ditu Zuzendaritzak hitzarmena bete ez izana. Zuzendaritzak ez dizkie langileei plus desberdinak ordaintzen, hala nola jaieguna, gauekotasuna eta abar. Aparteko orduak ere ez ditu ordaintzen hitzarmenean ezarritako prezioan.

ELAk, halaber, adierazi du Eguren Ugarten aplikatzen ari den halabeharrezko enplegu-erregulazioko espedientea diskriminatzailea dela, batez ere lanaldi-murrizketa duten langileei kalte egiten dielako. Lehen aipatu bezala, ERTEan ELAren hautagaitza defendatu zuten langileak ere zigortzen ari dira. ELAk Zuzendaritzarekin ERTEaren aplikazio bidezkoagoa negoziatzen saiatu denean, enpresak uko egin dio.

ELAk enpresari eskatu dio gai horiei buruzko azalpenak emateko eta akordio batera iristeko. Bestela, ELA bide juridikora eta sindikalera joango da, bai Hitzarmena bai ERTE-a behar bezala aplika daitezen.