OSAKIDETZAKO ERIZAIN KOMUNITARIOAK

ELAk lan baldintzak hobetzea eskatu du Gasteizen egindako elkarretaratze batean

2025/09/16
Eguneroko lanaldian egiten dituzten joan-etorriak ordaintzea eskatu du sindikatuak, baita Lehen Mailako Arretan lan egiten duten fisioterapeutei berriki aitortu zaien % 4ko osagarria ordaintzea ere.

ELAk elkarretaratzea egin du Gasteizko Lakua-Arriaga anbulatorioan, Osakidetzako erizaintza komunitarioko plantillarekin batera, langileen lan baldintzen hobekuntza eta aitortza eskatzeko. Gaur egun, egiten dituzten eguneroko lanak ez daude behar bezala onartuta. Besteak beste, egiten duten lanaren ezaugarriengatik lanaldiaren barruan joan-etorriak egin behar dituzten arren, joan-etorri horiek ez dira ordaintzen, ez sakabanatze geografikoaren plusaren bidez, ezta kilometrajearen bidez ere.

Gainera, Osakidetzan hainbeste zeresana eman duen %4ko osagarria ordaintzeko exijitu du ELAk. Orain dela gutxi, Lehen Arretako fisioterapeuten kolektiboari osagarri hori aitortu diote, Lehen Arretako administrazio-langileek aitortuta zuten bezala, eta ELAk osagarri horren diskriminazioarekin amaitzea eskatzen du, oraindik ere badaudelako arreta-maila horretako kolektiboak kobratu gabe jarraitzen dutenak, besteak beste, erizaintza komunitarioa. 2023an, 35 eguneko grebaren ondoren, osagarri hori Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (TGEEZ) langileei aitortu zitzaien.

Aurreko ekainaren 25ean Bilboko Osasun Saileko ordezkaritzaren aurrean kontzentrazioa deitu zuen ELAk erizain komunitarioekin batera, aurretik azaldutako arazoak konpontzeko eskatzeaz gainera, eskatzeko urrunetik datorren arazo bati irtenbideak emateko. 2005ean, erizaintza-espezialitateak legez sortu ziren, besteak beste, familia eta komunitate erizaintza, eta, 20 urte geroago, Osakidetzak ez ditu espezialitate gehienak onartu. Arazo hori konpontzea lortu dugu, eta Osakidetzak Lanpostu Funtzionalen Dekretu berrian kategoria horiek onartuko ditu.

ELAk Osakidetzari erantzun bat eskatzen dio konpondu gabeko arazoen aurrean eta mobilizatzen jarraituko du, haien lan-baldintzak hobetzeko.