Guardian Laudio

ELAk lantegiko labearen geldiarazteko agindua kautelaz eteteko eskatu dio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiari

2025/01/27
Guardian multinazionalak datorren asteazkenean, urtarrilaren 29an, geldiarazi nahi du labea. Konpainiak aurreikusitako data aurreratu du, otsailaren 2rako deitutako grebaren berri izan duenean. Gertatuz gero, atzeraezina izango litzateke Laudioko lantegiarentzat.

ELAk premiazko kautelazko neurrien demanda aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegian, Guardian multinazionalak datorren asteazkenean, urtarrilaren 29an, labea geldiarazteko hartutako erabakiaren aurrean. Hasiera batean otsailaren 3rako aurreikusita zegoen geldialdia aurreratu egin da, eta konpainiak aurreratzea erabaki du otsailaren 2rako grebaren jakinarazpena jaso ondoren. Horrek esan nahi du Laudioko fabrikako labea betiko geldituko zela, atzera bueltarik gabe.

Hori dela eta, urtarrilaren 27ko goizeko lehen orduan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Guardianen erabakia bertan behera uzteko agindua eman dezala eskatu du ELAk. Sindikatuaren ustez, multinazionalari ez zaio utzi behar Laudioko lantegia etorkizunik gabe utziko lukeen neurria hartzen.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari, Industria Sailari eta Lan Sailari eskatu die datozen orduetan eragotzi dezatela multinazional amerikarrak labea geldiaraztea.