ELAk marketin gutxiago egitea eta benetako kalitatezko lanpostuak sor ditzala eskatu dio Aernnova Taldeari

2018/12/12
Aernnovak Miñaoko Arabako Parke teknologikoko “Centro de Excelencia de Mecanizado” berria inauguratu zuen abenduaren 11ean zalaparta handiarekin. 200 lanpostu sortuko direlako sekulako propaganda egin dute, hori bai, 2022an dirudienez.

 

Izan ere, erralitatea da Burulan enpresa erosi dutela mekanizazio lanak egiteko, eta bertako plantilla, 80 langile inguru, eraman dutela Miñaora. Momentuz beraz, ez da lanposturik sortu, enpresa batetik bestera egindako trasladoak eta behin-behineko ABLE kontratuak. Gmapsa ere, 30 langileko Aernnova taldeko Goianen kokatutako beste enpresa bat, Miñaora eramango dute. Espero dezagun horiek ez izatea sortuko diren lanpostuak, lekualdatzeak direlako.

Hain pozik daude inauguratutako mekanizazio sekzioaren lekualdatzearekin, lanpostuak sortu beharrean (ordezkariek salatu dute beharra dagoela), “bolsin”-aren figura erabili dute lan kargari aurre egiteko. Hau da: lana sortzearen guztiz kontrakoa. Langileak presionatu dituzte ordu estrak egiteko eta larunbatetan joateko (Gmapsan bezala), kontratazio berriak egin beharrean. Lekualdatzearen planifikazio txarra eta “nuevo centro de excelencia de mecanizado”-ko doikuntza langileak ari dira ordaintzen.

Era berean, Aernnovak berriki adierazi die Berantevillako Batzordeari eta langileei azken urteetan eman diren ABEE-ak bukatu direla. Gogoratu behar dugu enpresak itxiera EEE bat proposatu zuela eta lan sindikalaren ondorioz buelta eman zitzaiola. Baina bien bitartean, plantilla 100 langiletan murriztu da.

Bestetik, inbertsio ekonomikoei buruz hitz egiten zaigu, lan hobeagoa bihurtzeko badira ondo iruditzen zaizkigunak. Hori bai, inbertsioa benetan Aernnovan jendea kontratatzen eta beren lan baldintzak hobetzen egin behar da. Eta hori ez da gertatzen, negoziazio kolektiboa ukatu edo martxan dauden negoziaketetan izugarrizko oztopoak jartzen baitira.

Bitartean, enpresak 2017. urtean 687,9 milioi euro fakturatu zituen, 2016. urtean baino %5,1 gehiago, eta irabazi osagarriekin 6,9 milioi. Hori horrela, Aernnovako kontseilari taldeak eta zuzendaritzak gutxienez 8 milioi jaso ditu eta 76,6 dibidenduetan, akzioen salmentaz izandako irabaziez gain. Datuok 2017ko kontu kontsolidatuak dira, Erregistro Merkantilean jasota daudenak.

Hortaz, enpresa ongi baldin badoa Aernnovako langileengatik da, beraiek dira enpresaren aberastasuna sortzen dutenak. Horregatik guztiagatik, ELAk marketin gutxiago egitea eta benetako kalitateko lanpostuak sortu eta langileen baldintzak hobetu ditzala exijitzen diogu Aernnova Taldeari.