Osakidetza | Etengabeko Arreta Gunea (EAE)

ELAk salatu du Gasteizko San Martin berriro irekitzeak ez duela ekarriko herritarrei arreta emateko baliabide gehiagorik

2025/02/14
Propaganda gorabehera, Gasteizek ez ditu bi EAG izango, bi tokitan kokatutako bakarra baizik.

Lehendakaria San Martin EAGren irekiera ekitaldian izan da gaur, Gasteizen. Gogora dezagun 2019an ateak itxi zituen EAG bat dela hau, Osakidetzak azken urteetan aplikatutako murrizketa politiken beste adibide bat. ELAk behin eta berriz salatu du politika horiek izan direla  osasunguntza publikoa egun pairatzen ari den narriadura eraman dutenak.

Orduz geroztik, salaketa eta mobilizazio sindikal eta herritarrek eskatu dute EAG hau berriro irekitzea. Zalantzarik gabe, gaur berriro ireki izana egindako presioaren emaitza da. Hala ere, ELAk salatu nahi du gaur iragarritako irekiera ez dela horrelakoa. Gasteizek ez ditu bi EAG izango hemendik aurrera; aitzitik, bakarra izaten jarraituko du, bi egoitzatan banatuta.

Gogora dezagun bihartik aurrera Gasteizko EAGak honela geratuko direla: Olagibelgo EAG (San Martin itxi zenetik martxan egon dena) astelehenetik ostiralera 17:00etatik 24:00etara artatuko du, eta asteburu eta jaiegunetan 9:00etatik 24:00etara. San Martingo EAGk, bestalde, asteburuetan eta jaiegunetan emango du arreta, 9:00etatik 24:00etara. Eskema hori ikusita, badirudi herritarrek baliabide gehiago izango dituztela asteburuetan eta jaiegunetan gerta daitezkeen larrialdiei erantzuteko, osasun-zentroak itxita egoten baitira egun horietan. Baina errealitatea oso bestelakoa da. San Martingo EAGn arreta emateko, Osakidetzak gaur egun Olagibelen artatzen duen plantilla zatituko du. Hau da, ez ditu baliabideak handituko, baizik eta langile berekin artatuko du, baina bi kokalekutan banatuko ditu. Emaitza argia da, aldaketa bakarra da herritarrek bi puntutara jo ahal izango dutela puntu batera joan ordez, baina ez dutela langile gehiago izango sortzen diren beharrei erantzuteko.

Argi dago, beraz, Olagibeleko eta San Martingo EAGek ateak irekiko dituztela, langile nahikorik gabe. ELAk dagoeneko salatu du Olagibelen EAGk jasan ohi duen lan gainkarga. Langile kopurua eskasa da. Ohikoak dira ilarak eta itxaronaldiak, eta langileek lan gainkarga sistematikoa jasaten dute, eta hori larriagotu egiten da absentzien eta oporren ordezkapenik ez dagoelako. Horri gehitu behar zaio EAG horrek ez duela espazio fisiko propiorik, Lehen Arretarekin partekatzen baitu, eta horrek disfuntzioak eragiten ditu, espazioak ez baitaude beti erabilgarri. Gainera, 14:00etatik 15:00etara eta 22:00etatik 24:00etara, zentroak ez du garbiketa-¡ zerbitzurik. Egoera hori dela eta, plantilla handitu gabe bigarren EAG bat irekitzeak gainkarga eta kolapsoa mantentzea ekarriko du. Horrek, gainera, eragina du beste arreta maila batzuetan, hala nola ospitaleko larrialdietan; izan ere, paziente asko ospitaleko larrialdietara joaten dira azkenean, EAGan baliabide nahikorik ez dagoelako, ELAk azaldu duenez.

ELAk Osasun Sailari eskatu dio Gasteizko EAGetan plantilla nahikoa eta egokia ezartzeko, herritarrei kalitatezko arreta eskaini ahal izateko.