Noticias de Álava

ELAk salatu du langile batek jazarpen kasu larria pairatu duela

2025/05/09
ELAk salatu du Noticias de Álava egunkariko langile batek jazarpena pairatu duela. Zehazki, egunkariko bi zuzendarik jazarpen eta errepresalia egoera larria eragin diotela salatu du sindikatuak. Egun, langilea bajan dago gertatutakoagatik. Gauzak horrela, sindikatuak taldeko zuzendaritzari eskatu dio neurri egokiak har ditzala horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen; bide beretik, zuzendari nagusia kargutik kentzea eskatu du.

Sindikatuak azaldu duenez, maiatzaren 6an, egunkariko zuzendari nagusiak, argitaletxeko zuzendariarekin batera, ELAko ordezkariari eraso eta presio gaitzesgarriak egin zizkion bilera batean. Lankideek adierazi dute "oihuak eta forma txarrak” agerikoak zirela.

Kaltetuak bilera horretan jarraitzeari uko egin zion eta bilera utzi nahi zuela esan zuen, baina arduradunek bere horretan jarraitu zuten.

Egunkariko batzordeak Gasteizko Udalean agerraldia egin eta ordu gutxira gertatu zen. Langileek agerraldian azaldu zuten lan-egoera kaskarra bizi dutela. Gauzak horrela, alderdi politikoei eskatu zieten handitu dezatela legea betetzen ez duten enpresei ematen dieten diru publikoaren gaineko kontrola. Izan ere, ELAk gogorarazi du urteak daramatzatela salatzen egunkari horrek ez duela betetzen aplikatu beharreko hitzarmena.