Autoglas (Glavista)

ELAk salatu du lantegia ixteko prozesua irregularra dela

2023/10/11
Gaur, urriak 11, Autoglaseko (Galvista) langile guztiei eragingo dien Enplegu-Erregulazioko Espedientearen lehen bilera izan da. Hala ere, bilerara konkurtso administrazioa eta enpresa batzordea baino ez dira joan. Hau da, ez dira bertaratu ez Parter Capital, 2020an Autoglas erosi zuen putre funtsa, ezta Guardian multinazional alemaniarra ere, Laudioko (Araba) Autoglas lantegia behin betiko ixten saiatzen ari dena, eta, beraz, enpresaren egoeraren erantzule nagusia.

Bileran, ELAk eskatu du bi enpresak, Parter Capital eta Guardian, lan erregulazioko espedientearen prozesuan parte hartzea, arazoari irtenbidea emateko. Eskaera hori Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegian ere izapidetu da, laguntza judizial baten bidez. Konkurtsoan zehar sindikatuari helarazi ez zaion dokumentazioa ematea ere eskatu da epaitegietan. Epaitegiak ez du oraindik ebazpenik eman. Hori dela eta, ELAk bileran eskatu du kontsultaldia etetea, epaitegiak erabakia hartu arte. Hala ere, konkurtso administrazioak ez du onartu.

Era berean, Glavistako langileak Bilbon bildu dira, putre funtsa ordezkatzen duen Parter Capital aholkularitzaren aurrean, industria proiektu bat eta lanpostu guztien defentsa eskatzeko.