ELAk salatu du Osakidetzak langileen grebarako eskubidea urratu duela urriaren 29ko Arabako deialdian

2020/11/09
Bi langile grebalari beste langile batzuek ordezkatu zituzten legez kanpo, eta horren aurkako errekurtsoa jarriko da dagokion epaitegian

ELAk salatu nahi du Osakidetzak eta bere zuzendaritzek grebarako eskubidea manipulatu eta boikotatu dutela.

Osakidetzako langileak, sanitarioak zein ez sanitarioak, langile propioak eta azpikontratatutakoak, Eusko Jaurlaritza egiten ari den murrizketa-politiken aurrean, etengabe ahultzen dutenak Osakidetzak baliabideak, kalitatezko eta eskubidedun Euskal Osasun Publikoa aldarrikatzen ari dira.

Aldarrikapen horiek elkarretaratze eta greba deialdien bidez egin dira. Lehenengo greba deialdia Araban izan genuen, urriaren 29an. ELAk salatzen du egun horretan, Arabako ESIko Zuzendaritzak makineria guztia jarri zuela martxan, grebak izan zezakeen eragina ahalik eta txikiena izan zedin. Hala, berez gehiegizkoak ziren gutxieneko zerbitzuen interpretazio murriztailea egiteaz gain, ez zuen grebaren jarraipenari buruzko benetako daturik eman; izan ere, zenbaketan gutxienekoak ziren edo egun horretan lanik egin behar ez zuten langileak zenbatu zituen, eta hori gutxi balitz, beste neurri bat gehitzea erabaki zuen, guztiz legez kanpokoa, greba egin zuten langileak ordezkatzea, alegia.

Zehazki, Kanpoko Kontsulten eraikineko laborategi-zerbitzuan, arduradunek erabaki zuten bi grebalariren lana beste pertsona batzuek egitea, lana aurrera ateratzeko, ezer gertatzen ari ez balitz bezala, eta, horrela, langile grebalarien grebarako oinarrizko eskubidea urratzea.

Grebarako oinarrizko eskubidea urratzen duten praktikak dira hauek, grebaren eragina oztopatu nahi dutenak. Zenbait buruzagik eta erdi-mailako agintarik egiten duten botere-abusu hori onartezina da, eta, gertakariak ikusita, ESIko Zuzendaritzak eta Osakidetzak berak horrelako jarduerak onartzen dituzte. Hori dela eta, dagokion errekurtsoa jarriko da dagokion epaitegian.

ELAk Osakidetzari eskatzen dio horrelako gertaerak ezabatu ditzan, eta bere ahaleginak langileen eskubideak urratzera bideratu beharrean, berehala negoziazio bat abian jartzeko, kolektiboak mobilizazioen bidez salatzen ari den arazo larriei irtenbidea emateko.