ARABAKO ESKU HARTZE SOZIALA

ELAk salatu du patronalak bertan behera utzi duela azken negoziazio bilera

2025/05/09
ELAk hitzarmen berri bat negoziatzeko exijitu dio patronalari, sindikatuen aldarrikapenei entzunda. Mobilizazio dinamikak iragarriko ditu egoera desblokeatzeko.

ELAk salatu du ez dela egin gaurko aurreikusita zegoen Arabako Esku-hartze Sozialeko negoziazio mahaia. AISA patronalak azken orduan erabaki du ez joatea, ontzat eman ez daitezkeen aitzakiak erabilita, sindikatuaren arabera. ELAk salatu du patronalak ez duela negoziatu nahi, are gehiago, zer negoziatzen den eta zer ez inposatu nahi duela, sindikatuek planteatutako lan hobekuntzak alde batera utzita.

ELAk patronalaren jarrera kritikatu du, sektoreko aldarrikapen guztiak batu ondoren, patronalak ez dituelako aintzat hartzen sindikatuen planteamenduak. AISAk ez du lan baldintzak sektore publikoarekin parekatzeaz hitz egin nahi, ez lan osasuna hobetzeaz, ez arrisku psikosozialez, ezta lanaldi partzialak mugatzeaz ere. Aldi baterako ezintasunen osagarriei buruz ere ez du negoziatu nahi, ezta urteko lanaldia murrizteari buruz ere.

Gauzak horrela, ELAk mobilizazio dinamika bat antolatzeko lanean jarraituko du, negoziazio mahaia desblokeatzeko eta lan baldintzak hobetuko dituen Arabako Esku-hartze Sozialeko hitzarmen berri bat lortzeko.