HITZARMENA ARABAKO METALA

ELAk salatu du patronalaren proposamenak hitzarmenean “lan baldintzak okertzen” dituela

ELAk salatu du patronalaren proposamenak hitzarmenean “lan  baldintzak okertzen” dituela
SEA patronalak KPIaren bermerik gabeko soldata igoerak, lan-malgutasun handiagoa eta eskubide sindikal eta osasun bajetan murrizketak planteatzen dituela salatu du sindikatuak.

ELAk salatu du SEA patronalak Arabako Metalaren hitzarmenaren negoziazioan aurkeztu duen proposamena sektoreko langile klasearentzat “irain bat” dela eta lan baldintzak okertzen dituela. Sektorean 25.000 langile inguru daude. Gaur izan da azken negoziazio bilera. ELAren arabera, patronalaren proposamenak ez ditu sindikatuek planteatutako aldarrikapenak kontuan hartzen eta, gainera, neurri atzerakoiak jasotzen ditu.

SEAren planteamenduak lau urteko indarraldia aurreikusten du eta urteko %1,5eko soldata igoerak proposatzen ditu KPIaren bermerik gabe. ELAren ustez, horrek langileen erosahalmena galtzeko arriskua ekarriko luke.

Sindikatuak, halaber, eskubide sindikalen murrizketa salatu du, hitzarmeneko 40. artikuluan jasotzen diren ordezkari sindikalaren figurari lotutako eskubideak kentzea planteatzen delako.

Bestalde, proposamenak malgutasun poltsa handitzea aurreikusten du: gaur egungo 100 orduetatik 260 ordura igarotzea, hau da, %160ko igoera.

ELAk kritikatu du, gainera, gaixotasun arruntagatiko bajetan (AB) hitzarmenak jasotzen duen hobekuntza bakarra ezabatu eta laneko gaixotasunen kasuan osagarriaren iraupena mugatu nahi duela patronalak.

ELAren arabera, proposamenak ez die sektoreko benetako beharrei erantzuten eta enpresen mesederako murrizketak eta malgutasun handiagoa planteatzera mugatzen da. Horregatik, sindikatuak SEAri eskatu dio proposamena erretiratzeko eta benetako negoziazioa ahalbidetuko duten edukiak aurkezteko, erosahalmena hobetzeko, lan eta eskubide sindikaletan aurrera egiteko eta prekarizazio mekanismo berriak saihesteko.