ELAk Tubacexen kaleratze kolektiboko espedientea planteatzearen aurka dagoela adierazten du

2021/02/01
Kaleratze kolektiboaren iragarpenaren aurka dago ELA. Langileen erantzuna sendoa izan behar duela uste dugu. Borroka izango da gure lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko bidea. Zuzendaritzak eta Administrazio Kontseiluak bere gain hartzen ez duten erantzukizuna plantillari helarazi nahi diote, eta hori ez dugu onartzen.

Otsailaren 1ean, Tubacexeko Enpresa Batzordeak langileak kaleratzeko enplegu-erregulazioko espediente baten iragarkiaren berri izan du. Zuzendaritzak ere jakinarazi du ERTE bat ezartzeko asmoa duela. ELAren ustez, iragarpena oso albiste txarra da. Ildo horretan, honako hau adierazi nahi dugu:

- Enpresak bizi duen egungo egoera ez da sortu, ez langile-kopuruagatik, ez lan-baldintzengatik. Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea konpainiak irabazi handiak eragin zituela 2019ra arte.

- Covidek sortutako egoerak bizkortu egin du enpresaren ekoizpena dibertsifikatzeko beharra. Enpresa asko ari dira erronka horri aurre egiten. Produktu berrietarako trantsizioa aspaldi eskatu zuen parte sozialak, baina orain arte ez da arrakastaz egin. Porrotaren erantzukizuna desbideratzen saiatzea zuzendaritzaren aldetik eta, irtenbidea enplegu-galeran eta lan-baldintzetan kokatuz, penagarria iruditzen zaigu benetan. TUBACEXek industria-proiektu sendo bat behar du Ez dugu onartzen langileei egoztea enpresaren egoeraren errua.

- Gogorarazi behar dugu dagoeneko egon direla kaleratzea enpresan. Gaur, Aiaraldeko lantegietan, orain urtebete baino 150 lanpostu gutxiago daudela deitoratu behar dugu, enpresak behin-behinekoak kalean utzi ostean. Horri, 2020an azpikontratetan gertatu den enplegu-suntsiketa gehitu behar zaio, hor ere enplegu-galera handia gertatu baita.

Horregatik guztiagatik, kaleratze kolektiboaren iragarpenaren aurka gaude ELA sindikatutik. Langileen erantzuna sendoa izan behar duela uste dugu. Borroka izango da gure lanpostuak eta lan-baldintzak defendatzeko bidea. Zuzendaritzak eta Administrazio Kontseiluak bere gain hartzen ez duten erantzukizuna plantillari helarazi nahi diote, eta hori ez dugu onartzen.

 Azkenik, euskal erakundeak aipatuko ditugu. Datozen hilabeteetan, Europar Batasunak funts ugari banatuko ditu gure industria eraldatzeko. Diru publikoa diren funts horiek enplegua bermatzeko ere erabili behar dira. Guztion dirua enpleguari eusteko erantzukizun soziala hartu behar duten enpresei esleitzea eskatzen dugu. Ezin dugu onartu trantsizio industrial bat, langabezia eta pobretze handiagoa ekarriko duena enpresa irabaziak handitzearen kontura. Tubacexen etorkizunak eta Aiaraldeko industriak Gasteizko Gobernuaren jarrera zorrotza merezi dute. Enpleguaren eta lan-baldintzen defentsak izan behar du bere jardunaren ardatza.