COLISEÉ MIÑANO ERRESIDENTZIA (GASTEIZ)

Elkarretaratzea salatzeko enpresak ez dituela agindutako soldata igoerak egin

2024/02/21
Gasteizko Coliseé Miñanoko langileak borrokan daude jasaten ari diren baldintza eskasak hobetzeko eta egoiliarren arreta eta bizitza kalitatea hobetzeko. Enpresak soldatak hobetuko zituela agindu zuen, erresidentziaren eta Aldundiaren arteko II. Hitzarmen Markoa sinatu ondoren. Horrek hobekuntza nabarmena ekarriko zien gerokulturei. Baina enpresak ez ditu soldatak handitu, eta plantillaren zenbait plus murriztu ditu. Langileek bi orduko geldialdia egingo dute otsailaren 28an, martxoaren 4an eta martxoaren 13an

Erresidentziako egoliarrei, aldiz, % 6-10 igo zaie kuota, egin ez duten langileen soldata hobekuntza argudiatuta. Gogora dezagun langileek LGSren azpitik kobratzen jarraitzen dutela, eta egoiliarren zaintza ez dela beharko lukeena.

Langileak nekatuta daude lantokiko egunerokotasunean jasan beharreko presioarekin eta gainkargarekin, etengabeko langileen faltarekin, gehiegizko lanaldiekin, ataza anitzekin... Horregatik erabaki dute mobilizazio dinamika berri bati ekitea: gaurko elkarretaratzearen ondoren, bi orduko lanuzteak egingo dituzte otsailaren 28an, eta martxoaren 4an eta 13an.