Arabako Etxez Etxeko Zerbitzuko langileek greba mugagabeari ekingo diote irailaren 15etik aurrera

Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak otsailetik ari dira lan baldintza duinen alde mobilizatzen. Honako hauek dira euren salaketak: sektoreko hitzarmena 2012. urtetik ultraaktibitatean dago, ez dute soldata igoerarik izan, eta eros-ahalmen handia galdu dute (% 7,4).
Iragan den uztailaren 4an langileek bilera egin zuten Aldundiko, Gasteizko Udaleko, eta esleipendun enpresetako ordezkariekin. Azken horiek argi utzi zuten euren jarrera gatazka honetan: sektoreko langileen aldarrikapenei inondik inora erantzuten ez zien eskaintza urria egin zuten. Egun horretan bertan, langileek batzarrean erabaki zuten irailaren 15etik aurrera greba mugagabea egingo zutela lan baldintza duinen alde.