LEAR CORPORATION (Gasteiz)

Faurecia prest dago subrogazioa negoziatzeko

2023/10/23
ELAk greba deitua zuen –urriak 23, 27 eta 31– Gasteizko Lear Corporation enpresan, Mercedes Benzek erabaki duelako orain arte Learrek egindako lana beste enpresa bati, Faureciari, esleitzea. Horrek arriskuan jarri ditu 42 lanpostuak, eta lanpostu horiei eusteko erabaki zuten sindikatuek grebara jotzea. Orain Faurecia prest agertu da subrogazioaz hitz egiteko; hori dela eta, greba deialdia bertan behera geratu da.

Learreko langileek Mercedes Benzen Gasteizko hornitzaileen parkean lan egiten dute 2003tik, furgoneten atzeko eserlekuak muntatzen eta sekuentziatzen; eta duela 6 urtetik, Lear Corporationen zuzendaritzapean. Orain, aldiz, Mercedes Benzek iragarri du Faurecia enpresari esleituko diola lan hori 2026ko ekainetik aurrera.

Asteburu honetan urrats bat egin du negoziazioan Faurecia enpresak, prest azaldu baita plantillaren subrogazioari buruzko negoziazioatzeko. Konpromiso hori lortuta, ELA eta UGT sindikatuek greba bertan behera uztea erabaki dute. Hala ere, sindikatuek ez dute baztertzen datozen asteetan greba edo bestelako mobilizaziorik, negoziazioek aurrera egin ezean.

Aipatzekoa da Mercedes Benzek erakutsitako jarrera tamalgarria, grebaren eragina txikitzeko, grebalariak ordezkatzeko hirugarren enpresa bateko langileak kontratatu baititu.