Gaixotasun profesionalei ez zaie arretarik jartzen

Apirilak 28, Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok gaixotasun profesionalen errealitatea salatu dugu Gasteizen. Izan ere, gaixotasun horiek izan ohi dira ahaztuenak.
ELAko lan eta osasunaren arloko arduradun Leire Txakartegik azaldu duenez, egunean lanak eragindako 10 gaixotasun kasu atzematen badira ere, euskal administrazioek ez diete arretarik jartzen. Europar Batasuneko lan-ezbeharren eta lanbide-gaixotasunen zifrei erreparatuta, ondorioa argia eta larria da: lan-ezbeharrek eragindako heriotza bakoitzeko, lanbide-gaixotasunek eragindako 18 gertatzen dira. Euskal Herrian, aldiz, lanbide-gaixotasunekin loturiko estatistikarik ez dago, nahiz eta azken bederatzi urtean 180 langile hil diren amiantoaren ondorioz.