LAN ISTRIPUA

Garraiolari bat hil da AP-1 autobidean, Erriberabeitian, gidatzen zuen kamioia erori denean

2023/04/18
Garraiolari bat hil da bart AP-1 autobidean, Erriberabeitian (Araba). Kamioia errepidetik atera da eta amildegi batetik behera erori da. Osasun zerbitzuak bertaratu dira eta langilea suspertzen saiatu dira, baina bertan hil da. Urtea hasi zenetik 15 langile hil dira lan istripuan Hego Euskal Herrian, horietako sei Araban. Gainera, 24 ordu baino gutxiagoan lurraldean hil den bigarren garraiolaria da.

ELAk azpimarratu du lan istripuak ez direla kasualitatearen ondorio. Gogorarazi du garraiolarien lan baldintzak oso eskasak direla eta eragin zuzena dutela ezbehar kopuruan: lanaldi luzeak dituzte, atsedenik ez, gehiegizko lan kargak... Salatu du patronalaren helburu bakarra etekinak lortzea dela, eta Administrazioa patronalaren konplizea dela, eta horrek eragin zuzena eta negatiboa duela sektoreko langileen segurtasunean eta osasunean.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio har ditzala sektorea duintzeko behar diren neurri guztiak, horretarako behar diren bitartekoak jarriz. “Ezin du beste alde batera begiratu gero eta garraiolari gehiago hiltzen diren bitartean”.