Gasteizko CIE Mecautok iruzurra egiten du kontratazioan

2019/02/06
EAEko Auzitegi Nagusiaten epaiak argi azaltzen du esku-lanaren trafiko ilegal baten aurrean gaudela, langileen eskubideak era larri batean urratzen dituena. Hori dela eta, demanda jarri duten langileak CIE Mecautoko langile bihurtzera derrigortzen du.

Lan-Ikuskaritzak eta Gasteizko Sozialeko 3. epaitegiak esana zuten langileen zesio ilegala zegoela CIE taldearen baitan. Hori horrela, EAEko Auzitegi Nagusiak 2019ko urtarrilaren 22ko sententzian lehen instantziako epaitegiak esandakoa guztiz berretsi du, CIE Mecautok SGE enpresaren bitartez iruzurra burutu zuela esanez.

Epaiak argi azaltzen du esku-lanaren trafiko ilegal baten aurrean gaudela, langileen eskubideak era larri batean urratzen dituena, eta, behartu egiten du demanda jarri duten langileak CIE Mecautoko langile bihurtzera.

Epaiak, era berean, sindikatuaren jarrera babesten du, zeina langileekin batera koordinatuz borrokatu egin duen egoera hau Arabako CIE Taldeko hainbat enpresatan.

ELAtik gure poza adierazi nahi dugu. Lortu dugu SGE-ren bitartez CIE taldean lan egiten zutenen prekarietatea ezabatzea. Langile hauek CIEko plantillara gehituko dira, kontratu mugagabearekin eta bertako lan hitzarmeneko baldintzekin. Lorpen honen arrakasta ez zen posible izango azpikontrataturiko langileen eta enpresa nagusiaren arteko langileen koordinaziorik gabe. Zoriondu egiten ditugu beren antolakuntza eta duintasunagatik.

Bestetik, CIE taldearen jarrera salatu nahi dugu. Izan ere, enpresa honek publikoki adierazten du bere egunerokoan zenbait milioiko onurak izaten dituela, eta horrelako praktiketara heltzen dela. Hau da, onura handiak sortzen ditu, beti ere, langileen prekarizazioaren kontura.

ELAk jarraituko du borrokan lan baldintza duin eta justuen alde.