Gasteizko Correoseko langileek kontzentrazioa egin dute Madrilen koronabirusak jota beste lankide bat hil dela salatzeko

2020/04/23
Langilea apirilaren 17an hil zen koronabirusaren ondorioz. Gasteizko Correoseko lankideek apirilaren 23an egindako elkarretaratzean gogorarazi dute dagoeneko 3 direla espainiar Estatuan koronabirusak jota Correosen hildakoak. Gogor salatu dute enpresaren zorroztasun falta, osasun-krisi betean, langileak eta zerbitzuaren erabiltzaileak babesteko beharrezko segurtasun neurriak hartu gabe jarraitzen dutela argudiatuta.

ELAk behin baino gehiagotan salatu du Correosen ez direla langileen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartzen, ezta herritarren osasuna bermatzeko ere. Adierazi du, beste behin ere, negozioaren errentagarritasuna lehenesten ari dela, langileen bizitzaren eta osotasun fisikoaren aurretik. Dagozkien segurtasun-neurriak hartzea eskatzen dute, besteak beste, langile guztiei testak egitea.

Azken heriotza horrekin, hiru dira Correoseko langileen heriotzak espainiar Estatuan. Azken txostenak jasotzen duen moduan, 49 dira baieztatutako kasu positiboak, 389 kasu probableak eta 2.988 kontaktu-kasuak.

ELAk erantzukizunez jokatzeko eta langileen segurtasuna eta babesa bermatzeko eskatu dio enpresari, "Gaur egun prebentzio-neurriak eta babes-ekipoak ez direlako nahikoak". Halaber, langile guztiei testak egitea eskatu du.