Gasteizko Mercedes enpresan 600 langileri kontratu finkoak egin zaie ELAren presioaren ondorioz

2017/09/13
ELA-Mercedes Atal Sindikalak begi onez ikusten du 600 langileri kontratu mugagabea egiteko iragarpena, ELAtik hori bera erreklamatu baitugu orain dela urtebete baino lehenagotik, ekoizpen-datuak oinarri harturik. ELAren iritziz, alde honetatik egin den bultzada erabakigarriagoa izan da iragarpen hori egiteko, enpresak eman duen justifikazioa baino, eskarien igoera, alegia; kontratazio-kopuruaren beharra eta arrazoia askoz lehenagotik baitator

Horregatik, iragarpen hori, zati batean behintzat, geure egiten dugu; izan ere, guk presiorik egin gabe, enpresak araurik gabe jarraituko luke, ekoizpen-bolumen eta beharrizan handiko garaietan langileak kontratatzeko moldeekin.

Gure ustez iragarpen hori abagunea da behin-behineko langileen kontratuak, lege-iruzurrean eginak, erregularizatzeko. Langile horietako askok urteak daramatzate aldizkako kontratuekin, batez ere, prozedura judiziala hasita daukatenak.

Era berean, enpresari eskatzen diogu denontzat ezagunak diren iraganeko okerrak berriro ez errepikatzeko, eta hautatzeko edo finkatzeko prozesuak gardenak, garbiak eta susmo txarrik gabekoak izateko. Gure aldetik erraztasunak emateko erabat prest gaude, prozesuak ahalik eta modu ordenatuenetan egiteko.

Hori dela eta, batzordeko gainerakoei proposatuko diegu protokolo bat sortzea, irizpide objektiboak ezartzeko, besteak beste, lege-iruzurrean kontrataturiko langileak antzemateko edo antzinatasunaren arabera hurrenkeran jartzeko. Azken batean, formulak bilatu behar ditugu denon lehentasunezko helburua izan beharko zena betetzeko: Mercedesen ez geratzea langile bat bera ere, jazarpeneko edo lege-iruzurreko egoeran.

Hala ere, Mercedes bezalako enpresa bati ez dagozkion prozesua eta moduak erabiliz egin du iragarpena berriro, ezkutuko bilera batera deituz eta langileen ordezkaritzaren zati bat kanpoan utziz, enpresaren kontratazio-politikarekin kritikoen agertu izan direnak, hain zuzen, kanpoan utziz. Dena dela, atal sindikal gisa gehien kezkatzen gaituen eta hainbat aldiz salatu dugun gai hori kontuan hartzea pozgarria da guretzat, eta mahai honetan bertan eta aurrez aurre hala adierazi ahal izatea gustatuko litzaigukeen.