UDALTZAINGOA
Gasteizko udalak bizkarra eman dio Justiziari eta komisarioa kargutik kendu du, aldebakarrez
Lanpostu hori betetzeko, Udalak deialdi publiko bat egin behar zuen, baina ez zuen egin. Aitzitik, lanpostua alde bakarrez esleitu zen. Orduan, Justiziak arrazoia eman zion ELAri, eta aurreko udaltzainburuaren izendapena bertan behera utzi zuen. Hala ere, udalak aldebakarreko erabakia hartu du, eta egungo komisarioa kargutik kendu du, merezimendu propioengatik lortu baitzuen lanpostua. Erabaki horrek milaka euroko kostua izango du Gasteizko herritarrentzat; izan ere, EAEANren epaiak zehaztu zuen demandatzaileari ordaindu egin behar zaizkiola udaltzainburu gisa zegozkion soldatak eta osagarriak, 2022ko apirilaren 1etik lehiaketa gardena ebatzi arte. Prozesu hori ez da oraindik diseinatu, ez da martxan jarri, eta, beraz, langilea Udaltzaingoko lanpostura itzuliko da, baina komisario gisa legokiokeen soldata jasotzen jarraituko du.
ELAk Gasteizko Udalaren eta Herritarren Segurtasunerako zinegotziaren jarrera "autoritarioa" salatu du, eta Udalari eskatu dio herritarrekin jolasteari utz diezaiola, kargu-uztea atzera bota dezala, epaia onar dezala. Eta behingoz, komisario izango dena izendatzeko prozesua abian jar dezala, prozesu garden baten bidez eta baldintzak betetzen dituzten langile guztiei parte hartzeko aukera emanez.