Gasteizko Udalak lan-baldintzak prekarizatzen ditu

2021/12/03
Gasteizko Udalean prekarizazioa berresten duten EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak izan arren, Gorka Urtaranak buru egiten duen erakundeak prekarizazioan sakontzen jarraitzen du, eta ia soldataren erdia ordaintzen die langile ahulenei. ELAk beste behin ere auzitegietara jo du Udalaren erabaki horren aurka, gatazka kolektiboko hainbat eskariren bidez.

Gasteizko Udalaren hitzarmen kolektiboa ez da berritu 2006. urtetik. Urte hauetan guztietan, Madrilgo eta Gasteizko gobernuetatik etorri diren murrizketak aplikatu ditu Udalak. Langileei ere murrizketak ezarri dizkie. Horien artean, duela urte batzuk, gazte planaren barruan edo eskualdeko planaren barruan kontratatutako pertsonei ordaintzea erabaki zen, baina hitzarmen kolektiboan ezarritakoa baino askoz soldata txikiagoa.

Adibidez, E taldeko kategoria baxuenetan (adibidez, peoiak), udalak lanbide arteko gutxieneko soldata ordaintzen die pertsona horiei. Hau da, ordaindu beharko litzaiekeena baino % 46 gutxiago. Prekarizazio hori zeharkakoa da kategoria guztietan. A1 taldeko kategoria altuenetan ordaintzen den soldata % 44 txikiagoa da.

Ez da kasualitatea enplegu plan horiek eskuratzen dituzten langileak langabezian dauden pertsonak izatea, oso gazteak, horietako asko arrazializatuak. Udalak perntsona horiek lan egiteko duten beharraz baliatzen da lan baldintzak prekarizatzeko.

ELAk soldata horien aurkako errekurtsoa jarri zuen, eta hala Gasteizko auzitegiek, nola EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, arrazoia eman diote demandatzaileari, argi utziz Gorka Urtaran alkatearen taldeak legearen aurka egiten duela.

Udalak, egoera hori konpondu eta langileen lan baldintzak duindu beharrean, hitzarmen kolektiboaren aldaketa bat argitaratu du, alde bakarrez, bere irizpidearen arabera egoera erabat prekarioa "legeztatzen" saiatzeko, negoziaziorik gabe.

ELAk salatzen du Gasteizko Udaleko agintarien eta Gorka Urtaran alkatearen (EUDELeko presidentea) hipokrisia. Urtaranek duela aste batzuk esan zuen sindikatuok (ELA) tentsioa areagotzen ari ginela eta horregatik Gasteiz ez zela hain erakargarria. Bada, ELAk tentsioa areagotuko du bidegabekeria horiekin amaitzeko, eta Udalari exijitu dio egoera hori behingoz amai dezala, beharrezko langileak kontratatuz, hitzarmen kolektiboan ezarritako eta araututako lan baldintzetan.